Prentsa Aretoa

2017/04/01

Erakundeek “Azazetako 16 erailak” omendu dituzte, krimen frankista haien 80. urteurrenean

Lehendakaria izan da ekitaldiaren buru, eta Arabako Batzar Nagusietako presidenteak, Gasteizko alkateak eta tokiko hainbat ordezkarik hartu dute parte. “Haien oroitzapena bizirik daukagu, eta berretsi egiten dugu haien ideial eta balioekiko konpromisoa: elkarbizitza eta giza eskubideak, demokrazia eta askatasuna”, nabarmendu du Iñigo Urkulluk.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Arabako Batzar Nagusiek, Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak “Azazetako 16 erailak” oroitu dituzte gaur, krimen frankista haien 80. urteurrenaren kariaz. Iñigo Urkullu lehendakaria izan da omenaldian buru, eta han izan dira, gainera, Pedro Elosegi  Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria, Ramiro González diputatu nagusia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta tokiko hainbat ordezkari. Ekitaldi honekin, halaber, 16 pertsona haiek oroitzeaz gain, diktadura frankistak Arabako lurralde historikoan eragindako biktima guztiak oroitarazi nahi izan dira.

Lehendakariak, bere hitzaldian, oroitarazi nahi izan du Azazetan eraildako 16 pertsona haiek “ez zirela izan ez lehenak, ez azkenak” Iñigo Urkulluk azaldu duenez, ekitaldi honen xedea izan da “diktadura frankistak Arabako lurralde historikoan eragindako biktima guztiak” oroitu eta omentzea, “demokraziarekin eta askatasunarekin izan zuten konpromisoagatik eta leialtasunagatik”. “Haien oroitzapena bizirik daukagu, eta berretsi egiten dugu haien ideial eta balioekiko konpromisoa: elkarbizitza eta giza eskubideak, demokrazia eta askatasuna”, zehaztu du Iñigo Urkullu lehendakariak, Azazetan egindako ekitaldian.

Azazetako fusilamenduak 1937ko martxoaren 31ko goizaldetik apirilaren 1era egin ziren, Mola jeneralak martxoaren 27an Gasteizera egin zuen bisitan aginduta, gobernuaren aurka altxatutako indar frankistek Bizkaiaren kontra abiarazi nahi zuten berehalako erasoaren iragarpen gisa (Durango eta Gernika bonbardatuko zituzten geroago, besteak beste). Fusilamendu horiekin, arabarrak beldurtu ez ezik, ohartarazi egin nahi izan zituzten Bizkaia eta altxatuen kontra agertu ziren indar politikoak, izua eragin. Izan ere, 16 lagun erail haiek politikarekin konprometitutako pertsonak  ziren, garai hartan altxamenduaren aurka agertu ziren  hainbat ideologi eta talde politiko ordezkatzen zituzten. Hauek izan ziren fusilatu zituzten pertsonak:

  • Teodoro González de Zarate, Gasteizko alkatea, Ezker Errepublikarreko kidea.
  • Francisco Díaz de Arcaya, tornularia, Gasteizko zinegotzia, PSOEko kidea.
  • José Luis Abaitua Pérez, ABBko burukidea, EAJkoa.
  • Víctor Alejandre, Gaubeakoa, Alderdi Errepublikar Erradikal Sozialistako kidea.
  • Eduardo Covo González, gasteiztarra, Telegrafoetako enplegatua.
  • Jaime Conca Amorós, gasteiztarra, olibaria.
  • José Domingo Elorza San Vicente, gasteiztar margolaria, PSOEko kidea.
  • Constantino González Santamaría, gasteiztarra, bizargina.
  • Francisco Garrido Sáez de Ugarte, doitzailea, Apinaizkoa, CNTko kidea.
  • Prisco Hermua Arrízola, gasteiztar jornalaria, CNTko kidea.
  • Antonio García Bengoetxea, gasteiztar mekanikaria.
  • Jesús Estrada Ábalos, mekanikaria eta PCEko kidea.
  • Daniel García de Albéniz Azazeta, Maeztuko nekazaria, CNTko kidea.
  • Manuel José Collel Aguilá, gasteiztarra, trenbide langilea, Batasun Errepublikarra alderdiko kidea.
  • Manuel Hernández Ibañez de Garaio, gasteiztarra, trenbide langilea.
  • Casimiro Cerrajería Zarranz, gasteiztarra, piroteknikaria, UGTko kidea.

16 pertsona erail haiek atxilotuta zeuden, Gasteizko probintzia presondegian preso, Bakea eta Posta kaleek bat egiten duten lekuan. Martxoaren 31ko gauean, libre utzi zituzten, Ordena Publikoko ordezkariak aginduta. Baina, presondegitik kanpo, berriro atxilotu zituen guardia zibil, errekete eta falangista talde batek. Ukondoz ukondo lotu zituzten, eta, ondoren, beren-beregi aldi hartarako prestatutako bi ibilgailutara igoarazi. Autoek hiria utzi eta Lizarrako bidea hartu zuten. A-132 bidearen 16. kilometroan geratu ziren. Ibilgailuetatik jaitsi, pasiera eragin mendian gora eta bidearen eskuin arekako lekutik 70-80 metro ingurura zegoen leku batera eraman zituzten. Han, fusilatu egin zituzten, aldez aurreko epaiketarik gabe, eta erdi ehortzita utzi zituzten, aldez aurretik lurrean egindako hobi batean.

Tokiko prentsak isilean gorde zuen exekuzioa, baina izugarrikeria haren berria eta biktimen izen-deiturak arin zabaldu ziren, eta astindu egin zuten hiria.

Litekeena da Azazetako erailketen ondorioz indar frankistek errepresio moldeak aldatu izana, eta, partez, pasieren eta erailketen ordez, legezko erailketak baliatzera behartu izana, alegia, justizia militarrak presoak gerra kontseiluan kondenatu ondoren fusilatzera.

Teodoro González de Zarate, José Luis Abaitua, José Collell Aguilá eta Manuel Hernándezen gorpuzkinak isilean lurpetik atera eta Gasteizko Santa Isabel hilerrian lurperatu zituen Pedro Anitua apaizak, 1939an. Gainerako 12ak lurpetik atera eta El Salvadoreko hilerrian ehortzi zituzten, 1978an.

Aberri Eguna 2017
Alderdi Eguna
Jarrai iezaguzu Telegramen