Prentsa Aretoa

2015/05/19

Urkulluk gatazkari ‘agur‘ esateko borondatea adierazi du Laudion, eta aurreikuspen ekonomiko onak errealitate bihurtzeko konpromisoa nabarmendu du

Lehendakariak Aiarari eskaini dio EAJ-PNVren eredua, akordioan eta elkar ulertzean oinarritzen dena: "Hilaren 24an etxean geratzea da Bilduk Laudion segitzea eta PP Araban mantentzea", iragarri du Urkulluk.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Iñigo Urkullu lehendakariak Laudio, Aiara eta Araba osoko herritargoari eskaini dio gaur EAJ-PNV-ren eredua, akordioan, elkar ulertzean eta lankidetzan oinarritzen den moldea. Bizitzako alderdi guztietan aplikagarri den eredua, industriatik bake eta bizikidetzaraino, Lanbide Heziketatik eta enplegutik igarota. "Agur esan behar diegu eztabaida antzuei, gatazkari,tentsioari eta liskarrei. Laudion ondotxo dakizue zertaz ari naizen. Gure alternatiba baikorra da, eraikitzailea. Etorkizuna da. Gure eredua batzea da, batzea eta haztea. Gure eredua da akordioak eta akordio gehiago. Gure eredua da egintzak eta egintza gehiago" esan du Urkulluk Laudioko Aldai Plaza-n egin den ekitaldi politikoan. Urkulluk ondoan izan ditu EBB-ren presidente Andoni Ortuzar, Arabako ahaldun nagusirako hautagai jeltzale Ramiro Gonzalez eta Laudioko alkatetzarako hautagai jeltzale Juanma Ibarretxe. Bertaratu diren 300 lagunen artean ere izan da Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria.

Urkulluk, Eusko Jaurlaritzak eta EAJ-PNV osoak euskal ekonomiaren alde hartu duten konpromisoa berretsi du, Euskadi krisiaren tunelaren amaierako argia ikusten hasia den honetan. “Norabide onean goaz. Aiara liderra izango da Industrian, Beiragintzan, Altzarian, Tren sistemetan, galdaragintzan eta hodigintzan. Gaur ezagutu dugu Euskadiko aurreikuspenek gora egingo dutela. Industria %3,5 haz liteke. Enplegua da helburua eta industria da gure Herriaren motore ekonomikoa. Industriak Lanbide Heziketa behar du eta Eusko Jaurlaritzak konpromiso sendoa dauka Laudioko Lanbide Heziketarekin. Etorkizuna dauka. Gazteriak etorkizuna dauka. Gure konpromisoa da”.

Ortuzarrek, bere aldetik, ekitaldian Juan Jose Ibarretxe zegoela aprobetxatu du EH Bilduk eta Ezker Abertzaleak euskal herritarren oroimenetik ezabatuko ez duten gertakizuna gogora ekartzeko. “Hori bai marka! Ezker Abertzalea datorkigu orain, erabakitzeko eskubideari buruzko lezioak guri eman nahian.Eta, ideia hori, termino politiko hori, Ibarretxek egina izan zen, EAJ-K egina .Gogoan duzue gutaz barre egiten zutenean, termino hori erabiltzen hasi ginenean? Eta, gero, aldeko hiru boto eta kontrako hiru boto eman zituztela Legebiltzarrean bozkatu zenean? Kontua egiten baduzue, hiru ken hiru... zer da? Zero. Zero, hori da Ezker Abertzaleak Euskadiri egin dion ekarpena. Zero borobila!”. Ortuzarrek era berean salatu du Ezker Abertzaleak garbitasun demokratikoaren alorrean erakutsi duen hipokresia. “Eta orain, giza eskubideetan ere eman nahi dizkigute lezioak. Hau marka! Giza eskubideetan ere lezioak eman nahi izatea. Nork eta eurek, nori eta guri! Herri honen alde eman duguna emanda. Ezker Abertzaleko buruei giza eskubideez hitz egiten entzutea da Barcenasi kontabilitateari buruz entzutea edo Ratori errenta aitorpenaz hitz egiten entzutea bezalakoxea”, salatu du Ortuzarrek. Horregatik guztiagatik, jeltzaleen buruak Laudio eta Aiarako herritarrei aukeratzea eskatu die Alderdi Popularrak Arabako Foru Aldundian eta Laudioko Udalean EH Bilduk ordezkatzen duten muturreko jarreren ala EAJ-PNV-k akordioaren, adostasunaren eta Euskadiren aurrerapenaren alde egin nahi duen orori luzatzen dion eskuaren artean.

Ramiro Gonzálezek bere aldetik azpimarratu du Arabak eta Laudiok ezinbesteko dutela aldaketa, Alderdi Popularrak Aldundian eta Bilduk Udalean Araba eta Laudio gelditasunik gogorrenera eraman dutelako. “Ondo aztertzen baduzue, Ezker Abertzalea eta PP ez dira horren ezberdinak. Antzeko kudeaketa lana egin dute legegintzaldi osoan. Gatazka eta iskanbila baino ez dute bilatu. Besteei beren ezintasunaren errua leporatuz. Biei nota jarri behar badiet, badakizue zein zen? Ez aurkeztua. Gauzak konpondu behar direnean edo arazoei aurre egin behar zaienean inoiz ez daudelako. Lan horiek besteontzat uzten dituzte, EAJrentzat”. Zentzu berean, hautagai jeltzaleak gogoratu egin du EAJ-PNV dela Arabarentzat eta Laudiorentzat proposamen zehatzak dituen alderdi bakarra. EAJ-k Laudion aurkeztu dituen ekimenen artean, Ramiro Gonzálezek gogoratu du Enpleguaren alde jarri den Plana, Merkataritzari laguntzeko Plana eta Xabier Agirrek Lamuza parkea lehengoratzeko hitzartu zituen hiru milioi euroko laguntza berreskuratzea, PPk Aldundira heldu bezain laster baliogabetu zuena . “Kopuru hori eta gehiago lortu da Laudiorentzat, Lamuzako Parkeko lanak egiteko, baina hori ere ez da Bilduri esker izan. EAJ izan da Batzar Nagusietan planteatu duena, EAJ izan da Lamuza lehengoratzeko egitasmoari ekiteko konpromisoa hartu duena" amaitu du EAJ-PNV-ren hautagaiak.

  Berri ikusiagoak...