Prentsa Aretoa
2017/03/02
Arabako erakundeek omenaldia egingo diete “Azazetako 16 hildakoei”, frankismoaren garaiko hilketa haien 80. urteurrenean
Datorren apirilaren 1ean izango da oroipen ekitaldia, “paseatu” eta hil zituzten lekuan, Azazetako mendatean. Ekitaldi horrekin egin nahi dena da diktadura frankistaren biktima guztien memoria erreparatu eta berreskuratzen laguntzea. Mola jeneralak agindutako fusilamenduak ohartarazpena izan ziren Bizkaiarentzat.
Arabako Foru Aldundiak, Arabako Batzar Nagusiek, Gasteizko Udalak eta toki erakundeek ekitaldi bat egingo dute, datorren apirilaren 1ean, Azazetako mendatean, “Azazetako 16 hildakoak” oroitu eta omentzeko, sarraski frankista horren 80. urteurrena dela eta.
Ekitaldi horren bidez, 16 pertsona horiek gogorarazteaz gain lortu nahi dena da diktadura frankistaren Arabako Lurralde Historikoko biktima guztiak oroitzea.
Mola jeneralak agindu zituen 1937ko martxoaren 31tik apirilaren 1erako goizaldeko Azazetako fusilamenduak, martxoaren 27an Gasteizera etorri zenean, indar frankista altxatuek Bizkaiaren aurka (Durango, Gernika eta abar) berehala joko zuten erasoaldia azkentzera. Fusilamendu horien bidez, Arabako herritarrak beldurtu eta bizkaitarrei eta altxatuen aurkako indar politikoei beldurrezko ohartarazpena bidali nahi izan zieten. Horiek horrela, 16 hildakoek, zeinak politikoki engaiatutako pertsonak baitziren, altxamenduaren aurka zeuden garai hartako korronte ideologiko eta alderdi politiko desberdinak ordezkatzen zituzten. Hauexek izan ziren fusilatuak:
- Teodoro González de Zarate, Gasteizko alkatea, Ezker Errepublikanoko afiliatua.
- Francisco Díaz de Arcaya, tornularia, Gasteizko zinegotzia, PSOEko afiliatua.
- José Luis Abaitua Pérez, EAJ-PNVko ABBko burukidea.
- Víctor Alejandre, Gaubeakoa, Alderdi Errepublikano Erradikal Sozialistako militantea.
- Eduardo Covo González, gasteiztarra, telegrafoetako langilea.
- Jaime Conca Amorós, gasteiztar oliba biltzailea.
- José Domingo Elorza San Vicente, gasteiztar margolaria, PSOEko afiliatua.
- Constantino González Santamaría, gasteiztar bizargilea.
- Francisco Garrido Sáez de Ugarte, doitzailea, Apinaizkoa, CNTko afiliatua.
- Prisco Hermua Arrízola, gasteiztar jornalaria, CNTko afiliatua.
- Antonio García Bengoetxea, gasteiztar mekanikoa.
- Jesús Estrada Ábalos, mekanikoa eta PCEko afiliatua.
- Daniel García de Albéniz Azazeta, Maeztuko nekazaria, CNTko nekazaria.
- Manuel José Collel Aguilá, trenbideetako langile gasteiztarra, Batasun Errepublikanoko afiliatua.
- Manuel Hernández Ibañez de Garaio, trenbideetako langile gasteiztarra.
- Casimiro Cerrajería Zarranz, gasteiztar piroteknikaria, UGTko afiliatua.
Gasteizko lurralde espetxean, zeina Bake kalea eta Posta kalea gurutzatzen diren tokian baitzegoen, zeuden atxilotuta eta kartzelaratuta 16 pertsonak. Martxoaren 31ko gauean askatu egin zituzten Ordena Publikoaren ordezkariaren aginduz. Baina espetxearen kanpoaldean berriz ere atxilotu zituen guardia zibilen, erreketeen eta falangisten talde batek. Soinez soiz lotu, eta, ondoren, bi ibilgailutan sartu zituzten. Segizioak hiria utzi eta Lizarrarantz abiatu zen. A-132 errepidearen 16 kilometro puntuan gelditu zen. Behin ibilgailuetatik aterata, paseatuak mendian gora eraman zituzten, eskuineko arekatik 70-80 metro ingurutara zegoen leku batera. Han fusilatu zituzten, lehenago epaiketarik egin gabe, eta aldez aurretik zulatutako hobi batean erdi lurperatu.
Tokiko prentsak isildu egin zuen exekuzioa, baina laster zabaldu zen basakeriaren berria eta biktimen identitatea, eta horrek herritarrak astindu zituen.
Baliteke Azazetako hildakoen eraginak berriz ere plantearazi izana indar frankisten errepresio moduak, eta paseoen eta hilketen ordez legezko hilketak egiten hasi ziren partez, fusilamenduen bidez, justizia militarrak gerra kontseilua egin ondoren kondenatutako presoen kasuan.
Teodoro González de Zarate, José Luis Abaitua, José Collell Aguilá eta Manuel Hernándezen gorpuzkinak ezkutuan hobitik atera eta Gasteizko Santa Isabel hilerrian lurperatu zituen Pedro Anitua apaizak, 1939an. Beste 12 pertsonen gorpuzkinak Salbatzailearen hilerrian lurperatuta daude, 1978an hobitik atera ondoren.
Nola aurten 80. urteurrena beteko den, Arabako erakundeek antolatuko duten ekitaldiaren xedea da oroitzea 16 biktima horiek eta altxatuek eta Arabako diktadura frankistaren errepresioak eragindako hilketen biktima guztiak.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
EBB
2022/11/27