Prentsa Aretoa
2014/10/17
EAJ-PNVren EBBren Adierazpena, Txirotasuna desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren kariaz
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren I. artikulua: “Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute”.
Askeak eta parekideak duintasun eta eskubideetan, beraz.. Hau da, pertsona guztiak, txirotasun eta bazterketa egoeran daudenak barne, bazterketan erortzeko arriskuan daudenak barne, babesik gabe daudenak edo tratu txarrak jasaten dituztenak barne... Den-denak.
Balorerik oinarrizkoenetan sustraitzen den aldarrikapena da hau, munduko gizarte garatu guztientzat esan barik bete beharko litezkeen printzipioak ekartzen ditu gogora eta batzuetan, bere esanahia galtzera iristen gara. Familia bat gara, eta elkarrekin senide gisa jokatu behar dugu gizakia pertsona delako eta, bere gizatasunean, duintasuna duelako eta ez preziorik. Pertsona guztiek dute beren duintasuna errespetatua izateko eskubidea, aukera berberak izateko, ondo tratatuak eta aintzakotzat hartuak izateko, gizartearen babes eta solidariotasuna jasotzeko, beharrizan egoeran daudenean.
1895 urtean sortu zen unetik beretik, EAJ-PNV oinarri humanista izan duen alderdia izan da, giza garapena bere jardun politikoaren helburu bihurtu duena. Pertsona helburu. Gaur, pertsonen alde egiten den apustu hori inoiz baino indartsuagoa da, solidariotasunik ezean gizarte politikarik ez dagoelako,ez gizarte eraikuntzarik, ezta aberrigintzarik ere.
Gaur, Txirotasuna desagerrarazteko Nazioarteko Eguna den honetan, gogora ekarri behar dugu 1989ko martxoaren 7a. 25 urtetik gora igaro dira harrezkero. Egun hartan, José Antonio Ardanza lehendakariak zuzentzen zuen Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailburu José Ignacio Arrieta zelarik, martxan jarri zuen Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eredua. Une hartan ez zen espainiar Estatu osoan halakorik ezagutzen eta Euskadin ezarri zen sistema hori Europako sistema onenen parekoa izan zen. Krisi ekonomiko egoeran, langabezi handiarekin eta oraingoa baino errenta mailaren galera handiagoarekin, Euskadik bazterketa eta txirotasuna gizarte osoaren arazotzat jo zituen, eta ez egoera hori pairatzen duen pertsonarena soilik. Konponbidea, beraz, euskal gizon eta emakumeen ardura bilakatu zen.
25 urte geroago, eta orain ere krisi egoeran gauden arren, Euskadik lortu egin du gizarte kohesioa (gehien dutenen eta gutxien dutenen arteko oreka) Europako onenen parekoa izatea. Baina, egoera horretan ere, batzuk daude elektoralismo hutsak eta alderdikeriak gidatuta, urteotan guztietan gure gizarte politikak gidatu dituzten zutoin eta adostasunak arriskutan jartzen dituzten zurrumurru eta aurreiritziak piztu eta elikatu nahian dabiltzanak.
Euskadin gaur egun, milaka familia dira Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari esker, Etxebizitzarako Prestazio Osagarriari ezker, Gizarte Larrialdietarako Laguntasunei esker, bizitza publikoko alokairu sozialei esker eta erakunde ezberdinen aldetik (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Udalak) ematen diren laguntasunei esker, txirotasun eta bazterketatik kanpo mantentzen direla. Horren guztiaren funtsa erraz-erraza da ulertzen: ez da bidezkoa, ez da gizalegezkoa, ezta duina ere, pertsona horiek guztiak baztertuta uztea familia txiro batean bizi direlako, edo urrunetik etorri direlako, edo bizitzan zorte txarra izan dutelako.
Euskadiko babes eta solidariotasun sistema ona da eta hobetu ahal da, egingarria da koste handia suposatzen duen arren, eta bidezkoa da iruzurrak egon litezkeela jakin arren. Ona, egingarria eta bidezkoa, horra hor argudio nagusiak eta errealitate agerikoa. Hobetu ahal da, gainerako guztiak bezala; koste handia dakar, solidariotasunak ahaleginak eskatzen dizkigulako; eta iruzur kasuak ere ematen dira, beste zerbitzuetan gertatzen den bezala. Horregatik, erakundeak, guzti guztiak, laguntasun horien kudeaketa hobetzeko ahaleginean ari dira, baliabide hobeak emateko, lehentasun irizpideak gidatuta eta iruzurraren kontra egiteko helburuarekin.
Argudio horiek guztiak azpimarratzea, erabiltzea eta astintzea (hobetu ahal den kudeaketa, kostea eta iruzurra) sistema oso bat auzitan jartzeko helburuarekin, azken hilabeteotan ikusi ahal izan dugun moduan, arrazoi birengatik egin daiteke, banaka edo biak batera hartuta: solidariotasunik ezak pizten eta elikatzen duen kalkulu elektorala eta xenofobia; edo pertsona txiro eta baztertuek gure solidariotasuna merezi ez dutela sinestea.
Euskadik ezin du onartu milaka familia, milaka pertsona nagusi, milaka ume kalean biluzik geratzerik, lanik gabe, etxebizitzarik gabe, diru sarrerarik gabe, bazterketa egoeran, bakarrik. Ez du halakorik onartzen. Eta ez du onartuko.
Gaur inoiz baino gehiago, EAJ-PNVren aldetik argi eta ozen esaten dugu duintasunak pertsonak aske egiten dituela.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
EBB
2022/11/27