Prentsa Aretoa
2015/03/09
Ordainean emandako eskualdaketen kasuan gainbalioa ordaintzeko salbuespena etxebizitzarik gabe geratzen diren familiei zabaltzeko proposatu du EAJ-PNVK
Gonzalez eta Urtaran: “Maroto eta De Andrésen bihozgabetasunaren eta koordinazio falta ikusita, iniziatiba hartu beharra dago”
Arabako Biltzar Nagusietako eta Vitoria-Gasteizko Udaleko EAJ-PNVren bozeramaileek, Ramiro Gonzalezek eta Gorka Urtaranek, etxebizitzarik gabe geratzen diren Arabako familiek ordainean emateko egindako etxebizitza-eskualdakengatik gainbalioaren zerga ordaindu behar ez izateko proposamen berria aurkeztu dute gaur goizean, egun Arabako araudiak biltzen ez dituen kasuetarako. Estatuko araudiak uztailaren 4ko 8/2014 Errege Dekretuaren 123. artikuluaren bidez egiten du. Bertan ageri den klausula batean, ordainean emateko kasuetan Hiri Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zerga (gainbalioa) ordaintzetik salbuesten ditu norbanakoa eta bankua. Eta hala berresten du presazko neurriei buruzko urriaren 15eko 18/2014 Legeak.
“Legegintzaldi honetan hipoteka betetzeko etxebizitza ematera behartuta dauden Arabako familiek bizi duten egoera arintzeko hainbat aurrera pausu eman dira oposizioaren eskutik. Baina oraindik urrunago joan gaitezke eta EAJ-PNVtik proposamen politiko berri hau dakargu gaur, egungo foru araudiarekin kanpoan geratzen diren eta bidegabea izateaz gain batere solidarioa ez den zerga bati aurre egin behar dioten familia horiei laguntzeko”, azaldu du Ramiro Gonzálezek, Arabako Biltzar Nagusietako EAJ-PNVren bozeramaileak.
Arabako Biltzar Nagusiek foru araudia aldatu zuten 2012an, ordainketa egin behar izateagatik kaleratutako familiek gainbalioaren gaineko zerga ez ordaintzeko eta karga finantza-erakundeei ezartzeko. 2014an Biltzar Nagusiek araudia aldatu zuten berriro, hipoteka egikaritu beharreko kasuetan ez ezik, ordainean emateko kasuak ere barne hartzeko. Martxoaren 9ko 6/2012 Errege Dekretua hartu zen erreferentzia modura, non neurri horretara gehitzeko baldintzak xedatu ziren. Besteak beste, bankua praktika onen kodeetara batzea, familia-unitatea pobrezia-atalasearen barruan egotea eta etxebizitzaren prezioak ez gainditzea 150.000 euroak, 100.000 eta 500.000 biztanle bitartean dituzten udalerrietan.
“Irizpide horien arabera, Gasteizen eta Araban neurri horietatik kanpo geratzen diren hainbat familia daude oraindik eta PPk, irtenbideak proposatu ordez, Udalaren eta Aldundiaren artean ezertarako balio ez duten eztabaidetan sartzen jarraitzen du. Hori dela-eta, Foru Arauan aldaketa bat egitea proposatzen dugu, ordainean eman behar izan duten familia guztiek gainbalioaren zerga ordaindu behar ez izateko”, azpimarratu du Gorka Urtaranek, Vitoria-Gasteizko Udaleko Talde Jeltzaleko bozeramaileak.
Bai Gonzalezek eta bai Urtaranek “PPk etxebizitza galdu duten pertsonekiko izandako bihozgabetasuna” kritikatu dute. “Legegintzaldi hasieran ere neurriak proposatu eta aktibatu behar izan genituen”. Hain zuzen ere, 2014an familia-etxebizitzen ordaindu gabeko hipoteketarako irtenbide gisa ordainean ematea eta bankuek kaleratzeak ekiditeko eta irtenbideak negoziatzeko (moratoriak edo alokairuak, esaterako) konpromisoa hartzea proposatu zuen EAJ-PNVk, beste gauza askoren artean. 2013an, EAJ-PNV Udal Taldeak akordio bat lortu zuen udal gobernu taldearekin, kaleratu dituzten eta Udalarekin gainbalioaren zergarekiko zorra duten familiei zor hori kitatzeko diru-laguntzak emateko. Izan ere, ebazpen judizial baten ondorioz hipoteka egikaritzeko beren ohiko etxebizitza bankuari eman behar izan dioten familiak dira.
“Familiaren etxebizitza galtzea krisialdi ekonomikoa bizi duen gure gizartean gerta daitekeen drama handienetarikoa da, baina politikatik eta erakundeetatik irtenbideak planteatu ahal direla eta behar direla uste dugu, egoera bidegabeak eta hainbeste familiaren sufrimendua arintzeko", azaldu dute bozeramaile jeltzaleek.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
EBB
2022/11/27