Prentsa Aretoa

2015/05/10

Ortuzarren hitzetan, tamalgarria da Agurain EH Bilduren kudeaketa lan okerraren eredu izatea, “gatazka, populismoa eta agintekeriara” mugatzen den eredua

EBB-ren presidenteak PP-k eta Bilduk partekatzen duten estrategia salatu du gaur, eta Pimpinela bikotearen antzera egiten dutela esan du. “Eszenatokian agertzen direnean elkarri mokoka ari dira; eta gero, handik jaistean, errealitatean, neba-arrebak dira eta gauza bera bozkatzen dute, EAJ zigortzeko bada”.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, deitoratu duenez, Aguraingo Udala EH Bilduk gobernatzen duen tokian ezaugarri den udal kudeaketa ezin okerragoaren eredu bihurtu da, “gatazka, populismo eta agintekerian oinarritutako eredua”, esan du jeltzaleen buruak. Ortuzar arabar herri honetan izan da gaur, Ramiro Gonzálezek eta Aguraingo Udalerako EAJ-PNVren alkategai Iñaki Berazak parte hartu duten ekitaldi politikoan.

Ortuzarrek duela hilabete batzuk Arabako Lautada eta Mendialdeko Alderdikide Eguna ospatu zenean iragarri bezala, esan du Alderdi Popularra eta EH Bildu eskutik doazela Araban, ageri agerian, eta elkar iraintzeko estrategia partekatzen dutela, erradikalismotik polarizatu ahal izateko eta EAJ medioetatik ateratzen saiatzeko, jakin badakitelako eskukada boto lortzearren ere, alderdi jeltzalea ez dela sekula irainera eta demagogiara iritsiko. “PP eta Bildu Pimpinelakoak bezalakoak dira. Eszenatokian agertzen direnean elkarri mokoka ari dira; eta gero, handik jaistean, errealitatean, neba-arrebak dira. Mitinetan eta eszenatokietan, elkarren kontra, elkar erasotzen eta elkar iraintzen. Baina gero, errealitatean, Gasteizko Legebiltzarrean, zenbat eta zenbatetan bozkatzen dute gauza bera, batez ere, EAJren kontra egiteko bada. Estrategia berbera daukate: zuk iraintzen nauzu eta nik iraintzen zaitut, eta EAJ jokoz kanpo geratzen da. Eta hiritarren aurrean ematen duten ikuskizuna? Horrek berdin die. Egia da, Bilduren eta PPren estrategia hori, zerga baxuagoak jarriko direla agintzea bezalakoa da, lau urtetan zergak igotzen egon ondoren. Marotok egiten duen bezala, pentsioen osagarria agintzea bezalakoa da, zure alderdiak pentsioak behin eta berriz murrizten ari denean. Zinikoa da, Bildu-ko jaun andreok, orain Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei eta dendei pizgarriak emango dizkiezuela esatea bezala, lau urtetan appartheid ekonomiko eta sozialean baztertuta eduki ondoren. Ba, ez. EAJk ez du Bilduk eta PPk antzezten duten teatrotxo hori egingo. Gezurrik edo agindu faltsurik ez pentsiodunei. Boikotik ez enpresari eta ekintzaileei. Gu lan egitera, gu geurera. Hitz gutxiago eta egintza gehiago”.

Ortuzarrek azpimarratu nahi izan duenez, muturreko alderdi diren PP eta Bilduk estrategia bat partekatzen duten arren, inkestek diote arabarrek EAJ-ren eskuetan jarriko dutela krisitik ateratzeko ardura. Dena dela, jeltzaleen buruak aitortu du Arabaren egoerak ez diola lasaitzen laguntzen. “Apurtxo bat lasaiago egon gintezke, inkestek garaipena ematen digutelako maiatzaren 24an, eta hilaren 25an Arabako PP hau bere lekura itzuliko delako, oposiziora. Baina ez. Ezin gaitezke lasai egon, Araba dagoen moduan dagoela ikusita: PPren erruagatik, alferrik galtzen ari dira Euskadi osoan ikusi diren suspertzearen lehen sintomak. Baina klaro, Javier De Andresi entzuten badiozu, horren guztiaren errua ez da PP-rena. Izan ere, Araban eta Vitoria Gasteizen Alderdi Popularra desagertu da. Zer da hori? PP? Ez dakigu zer den. Horretan ari da orain Maroto, sigla eta kaia erakutsi gabe ‘selfieak’ egiten dituen berorrek orain ez ditu Rajoy-ren guraizeak ezagutzen, ez du Rato-ren txartela ezagutzen, ez du Rita Barberá-ren ‘caloret’ hura ezagutzen. De Andresék ez omen daki ezer ez Bárcenas-en paperez ezta Ana Matoren Jaguarrez…”.

Aguraingo arazoez hitz egiterako orduan, Ortuzarrek salatu du EH Bilduk Agurainen azken legegintzaldian egin duen kudeaketa ezin okerragoa. “Azken lau urte hauetan, Agurainen, EH Bilduk gobernatutako beste hainbat herrietan bezala gertatu da, gatazka eta iskanbila urteak izan dira. Erasoak ikusi dituzue, eskratxeak... Polemikak, han eta hemen. Zaratatsuena izan da Alde Zaharreko peatonalizazioarena, zaintza-kamarak jartzearena barne, eta inguruko dendentzat azken zartakoa izan dena… Baina, aldi berean, arkitektoen lanen eta garbiketa zerbitzuen esleipenak, edo udal zergak... Baina badakizue zer esaten duen EH Bilduk Aguraingo arazoez? Errua, badakizue nori botatzen dioten? Bai, klaro, PP-ren laguntxoen modura egiten du: errua EAJrena. Jaso zuten oinordetza dela, jaso zuten zorra dela, aurreko urteetan xahututako dirua dela... Honetan ere berdinak dira PP eta EH Bildu: kexatzen baino ez dakite, berezkoa dute. Egitea ala kexatzearen artean, nahiago dute kexatu. Hitz egitea eta egitearen artean, nahiago dute hitz egin. Berba, berba eta berba. Egin, ezer gutxi. EH Bilduren hitzen aurrean, EAJren ekina. Hemen, Agurainen, eta Euskadi osoan. Eta ez naiz hitzetan geratuko, egintzetara noa. Agerian daude, begi bistan.Horra hor liburutegia, horra hor musika eskola.Hor dago udaletxe berria. Zaborrak batzeko sistema neumatikoa.Hor daude Arresi Parkea, herriko gazte asko bizi diren Babes ofizialeko etxeak.Horiek dira EAJren ekintzak. Non daude EH Bildurenak? Zer egin du Bilduk, biztanleen artean gatazka eragiteaz gain? Ezer ere ez. Asko esan eta gutxi egin. Hemen, Agurainen, azken orduan pare bat espaloi zulatu dute, zeozer egin dutela erakusteko”.

Arabako Foru Ahaldun Nagusirako EAJ-PNV-ren hautagai Ramiro Gonzalezek gogor salatu du azken lau urte hauetan, Alderdi Popularra Arabako Foru Gobernuaren aurrean izan den bitartean, Arabak pairatu duen paralisia, “lau urte Rajoyren erasoak sufritzen eta De Andres isilik. Lau urteko alferkeria. Lau urte Rajoyren tratu txarrak jasaten eta De Andres erasoen aurrean hilda balego bezala. Nahiz eta hemen Araban txoritxoa izkutatu De Andrez, Maroto, Alonso eta Oyarzabal denak Alderdi

Popularrakoak dira, Rajoyren alderdikoak, Madrilgo alderdikoak… Hauek izan dira Arabaren azken lau urteak. Eraso bat beste baten atzetik eta Araba ahaldun nagusirik gabe. Nahikoa da, aski da! ”.

Alderdi Popularraren gobernu ezaren ostean, Arabak foru gobernu indartsua, lurralde honen interesak defenditzen dituen ahaldun nagusia eta batez ere azken lau urte hauetako paralisitik aterako duen gobernua behar duela azpimarratu du hautagai jeltzaleak. Sentsu honetan, lidergoa berreskuratzea ezinbestekoa dela erakutsi du Ramiro Gonzalezek. “Arabak aldaketa bat behar du, eta aldaketa hori Euzko Alderdi Jeltzalearen eskutik etor daiteke bakarrik. Arabarako proiektua dugulako. Krisia da gure arazo nagusia, enpresa askok bere ateak itxi dituzte Araban. Legealdiaren hasieran baino 5.500 langabetu gehiago ditugu. Gure lehentasuna ekonomiari bultzada berria ematea izango da. Arabako industriaren indarra berreskuratu behar dugu”, aldarrikatu du.

Zehazki Arabako Laudaren kasuan, EAJ-PNVren hautagaiak azken belaunaldiko nekazaritzako elikagaien industrialde bultzatzeko konpromisoa hartu du “enpresen lehiakortasuna hobetuko duena, sektorearen hazkundea indartuko duena. Ikerketa sustatuko duen industrialdea. Nekazaritzako elikagaien enpresa berriak eta lautadan lanpostuak  sortzen lagunduko duena” bukatu du.

  Berri ikusiagoak...