Prentsa Aretoa
2015/05/13
Ortuzarrek arabar gizarteari eskaini dio EAJren "lana eta akordioak lortzeko borondatea", Gasteiz eta Araba "etorkizun oparora eramateko"
Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak EAJ-PNV osoak Gorka Urtarani eta Ramiro Gonzálezi ematen dien babesa utzi du agerian, talde jeltzaleak arabar gizarte eragileekin egin duen topaketara hurbildu diren 300etik gora pertsonen aurrean.
Iñigo Urkullu lehendakariaren aurrean, Ortuzarrek adierazi die oraingo Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizekin eta Arabarekin duen inplikazioa, egin diren azpiegitura,zerbitzu eta instalazioen bidez egiaztagarria dena.
“Hitz gutxitan, zuen konfiantza ematea eskatzen dizuegu .Herrialde eta hiri hau etorkizun oparora eramateko aukera ematea eskatzen dizuegu, herrialdea eta hiria denontzako etorkizun hobera eramateko.Hau ez da gatazkarako momentua, ez da asaldatuta ibiltzeko unea. Hau ez da muturkeriatan aritzeko ordua. Araba eta Gasteiz erdi-erdian jarri behar ditugu. Araba eta Gasteiz gure jardunaren helburu direlako. Adosteko eta erakundeen arteko lankidetzan aritzeko erakutsi dugun bokazioa eskaintzen dizuegu. Bokazio hori berori partekatzen eta erakusten du Eusko Jaurlaritzak berak. Hemen, Vitoria-Gasteizen ere, bokazio horrek emaitza emankorrak ekarri ditu: autobus geltokia, Europa Jauregiaren birmoldaketa, Salburua eta Zabalganako gizarte etxeak, auzo biotako osasun zentro berriak eta Arabako Unibertsitate Ospitalea . Eta,horrekin guztiarekin batera, industria eta logistika alorrean egin diren egitasmoak. Horiek bai direla inplikazio eta kooperazio adibideak, horiek bai direla EAJ-n gobernatzeko modurik onena nola ulertzen dugun erakusteko egintzak ”.
Andoni Ortuzarrek hitz horiek esan ditu gaur , Euzko Alderdi Jeltzalearen inplikazio eta konpromisoa erakusteko, Vitoria-Gasteizen eta Araba herrialde osoaren zerbitzura jartzeko, hiriburuak eta herrialde osoak krisia atzean uzteko erronka handiari ekin behar baitiote, une honetan, Euskadi osoa zeharkatzen ari den aukeren trena galdu gabe. Herrialdeko 300 bat eragile ekonomiko eta gizarte, kultur eta kirol esparruko ordezkarien aurrean, Ortuzarrek bere presentzia eta diskurtsoaren bidez erakutsi nahi izan du EAJ-PNV osoak Gorka Urtaran eta Ramiro González, hurrenez hurren, Vitoria Gasteizko alkatetzarako eta Arabako foru ahaldun nagusirako hautagai jeltzaleei ematen dien babesa . Iñigo Urkullu ere bertan izateak ere balio izan du Eusko Jaurlaritzak eta talde jeltzale osoak arabar guztien arazo,erronka eta itxaropenekin hartu duten konpromiso irmoa erakusteko.
Ortuzarrek arabar gizarte osoari eskaini izan dio EAJ-PNV-ren balorerik handiena: ezberdinen arteko akordiorako duen bokazioa, une honetan bizi dugun giro nahaspilatsu eta erabakigarrian. " Legegintzaldi osoan erakutsi izan dugu Batzar Nagusietan eta Udalean. Oposizioan egon arren, aurrekontuak onartzea ahalbidetu dugu, gauzak burutzea ahalbidetu dugu, gure keinuek ordain txarra jaso duten arren eta herrialdeko oraingo agintariek gure keinuak txarto erabili dituzten arren". Ortuzarren hitzetan hori da EAJ-k "Araba, Gasteiz eta Euskadirentzat" duen errezeta "krisitik ateratzeko lehentasun argiak, akordio partekatuak seguruago aurrera egiteko, eta lan egiteko gaitasuna ideia eraldatzaileak aurrera eramateko". Zoritxarrez, hori ez da arabar politikagintzan gaur egun lehenesten ari dena. "Beren erosotasunari eusten dioten agintariak ditugu Aldundian eta Udalean, ez dute gaitasunik beste alderdiekin edo gizarte zibilarekin gutxieneko harremana izateko, eguneroko gatazkan murgilduta bizi dira beren lanak ematen ez dien ospea lortzearren. Eta ,bien bitartean,Araba eta Gasteiz, inora ez doan trenbidean, geldirik . Guk Araba eta Gasteiz hartu eta gure trenera lotu nahi ditugu, Euskadi izena daraman trenari lotuta eraman nahi ditugu. Horregatik ari gara, hemen, aldaketa politikoa aldarrikatzen.Indartsu sentitzen garelako, ilusioarekin, gogotsu, eta Herrialde hau bide onera, trenbide onera eramateko gai diren pertsonak ditugulako.Herriko beste erakundeekin sintonian dauden lantaldeak .Etxe barruan eta kanpoan hitz egiteko eta adosteko gai diren taldeak;solaskidetza zuzena dute Lehendakariarekin eta Jaurlaritza osoarekin. Horregatik ,hain zuzen, EAJ osoak babesten ditu gure hautagaiak, Ramiro Gonzalez eta Gorka Urtaran”.
Ramiro Gonzálezek, Arabako foru aldundirako hautagai jeltzaleak elkarrekin lan egiteko deia egin du, inor bazterrean utzi gabe eta errealismoan oinarrituta, arabar herrialdean krisi sozial eta ekonomikoa atzean uzteko. “Ez nago ados, gatazkan, iskanbilan eta erasoan oinarritzen den politikarekin. Indar politikoek, eragile ekonomiko eta sozialekin batera lan egin behar dugu. Horregatik dugu beharrezko foru gobernu indartsua". Zentzu honetan, Gonzálezek iragarri du lehen unetik duen asmoa "legegintzaldi berria hasi bezain laster, talde politiko guztiak eta eragile ekonomiko eta sozial guztiak deituko ditut arabar ekonomia bere onera ekartzeko akordioa adosteko". Era berean azpimarratu du hiritargo osoari eta gizarte zerbitzuen alorreko elkarteei entzuteko duen konpromisoa. "Araba aitzindaria izan da gizarte zerbitzuetan, eta hori da pertsona eta elkarte asko egon direlako eta daudelako, besteen alde lan egiten ari zaretenak. `Hirugarren sektorea´ deritzonaren garrantzia funtsezkoa izan da gure Herrialdean gizarte zerbitzuak berriztatzeko eta mantentzeko orduan. Horretan ere izan gara aitzindari" aitortu du. Eta talde horiekin guztiekin, pertsona guztiekin lankidetzan aritzeko konpromisoa adierazi du. "Urte hauetan guztietan entzun egin dizuegu,zuen ekarpenak entzun ditugu. Eta, une honetan bermatzen dizuegu Aldundiko ateak zabal-zabalik egongo direla zuontzat, guztiontzat, entzuten segitzeko eta, are gehiago, zuen aldarriak errealitate bihurtzeko".
Gorka Urtaranek, Vitoria-Gasteizeko EAJ-PNVren hautagaiak gaurko ekitaldian adierazi nahi izan du herriarentzako egitasmoa duela eta ez duela udal gobernura iritsi arte itxaron nahi izan, egitasmo hori martxan jartzeko. Amaitzear dagoen legegintzaldian EAJ-k proposamenak aurkeztu ditu eta eraikitzailea izan da, eta aurrekontuak eta inbertsioak babestu ditu "gure hiriarentzat ona dena proposatu eta babestu behar delako". Urtaranek aldi berean azpimarratu du Gasteizentzat lortu den hiriburutasun kanona, Iñigo Urkullu Lehendakariak erakutsi duen konpromiso eta inplikazioari esker. Gorka Urtaranek baieztatu duenez, alkatea denean bere nortasun ikurrak izango direla gardentasuna, zintzotasuna, hurbiltasuna, sentsibilitatea eta etorkizunerako ikuspegia. Enplegua, gizarte kohesioa, auzoei eman beharreko arreta eta gizarte zerbitzuak bermatzea izango dira bere agendako lehentasunak. “Harro nago Vitoria-Gasteiz hiriaz, hiri berde, jasangarri, osasungarri eta orekatua delak, eta nire bizitzako gauzarik handienak hemen gertatu zaizkidalako. Alkate naizenean, akordioak bultzatzen segituko dut, zorroztasunez jardutea bermatuko dut eta gure izen ona berreskuratzeko lana egingo dut", amaitu du.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
EBB
2022/11/27