Prentsa Aretoa
2015/05/13
GASTEIZKO INDUSTRIALDEAK INDARTZEAREN ALDE AGERTU DA GORKA URTARAN, ENPRESAK ERAKARRI ETA ENPLEGUA SORTZEKO
Lurzoruaren politika erabiliko duela iragarri du Ramiro Gonzalezek, “Araba lehiakor agertzeko, enpresa berriak erakartzeko eta jada lurraldean daudenei laguntzeko, azken horiek ixtea edo lurraldetik alde egitea ekidinez”
Argazkiak...
Lurraldeko industrialdeei balioa ematea, horietan gauzatzen baita lanpostu gehien sortzen dituen enpresa-jarduera. Horixe da Eusko Alderdi Jeltzaleak Arabarako eta Gasteizerako duen proiektu estrategikoaren helburuetako bat. EAJ-PNVren Gasteizerako alkategaiak, Gorka Urtaranek, eta Arabako diputatu nagusia izateko hautagaiak, Ramiro Gonzalezek, Arabako lurraldeak enpresak ezartzeko duen ahalmen estrategikoa azpimarratu dute eta ekonomia ekintza errealista eta eraginkorrekin berraktibatzeko dituzten proposamenak aurkeztu dituzte.
Gasteizerako alkategai jeltzaleak, Gorka Urtaranek, ziurtasunez adierazi du “Gasteiz eraldatzeko gai diren sektore ekonomikoen aldeko apustua egin eta tokiko erronkei erantzun behar zaiela. Gasteizi dagokionez, industriaren eta enpresen jarduerak berebiziko zeregina betetzen du. Enpresarik gabe ez dago garapen ekonomikorik. Oinarri-oinarrizkoa da gure ekonomia- eta enpresa-sareari laguntza ematea. Honako hauek lehentasunezko ekintzak dira: enpresentzat eta beren enplegatuentzat ingurune erakargarriak sortzea, urbanizazioen eta logistikaren diseinu egokia egitea, hirigintzako ordenantza malguagoak izatea eta udal eskumeneko zerbitzuen prestazio eraginkorra bideratzea. Horren guztiaren helburua da biharko Gasteiz zientzian, teknologian eta berrikuntzan oinarritzen den hiri industrial modernoa izatea”.
Izan ere, Gasteiz industria maila altua duen hiria da. Industriako BPG % 25 inguru da. Hiriko langileen % 25 sektore horretan ari dira. Jada eraikita dagoenaren eta lurzoruaren erreserben artean, 20 milioi metro karratu bideratzen ditu Gasteizek industria-jarduera garatzera, ondorengo zazpi industrialdeetan banatuta: Jundiz, Ali Gobeo, Gamarra, Betoño, Oreitiasolo, Miñanoko Parke Teknologikoa eta Forondako VIAP. Horiez gain, irla industrial txikiak daude, besteak beste, Armentia gainan, Jauregilanda kalean edo hiriaren iparraldean, Abetxuko eta Arangiz artean.
Gorka Urtaranek udalerriko ekonomia berraktibatzeko hartutako konpromisoetako bat da, hain zuzen, Industrialdeak Sustatzeko eta Berraktibatzeko Plana. “Gure aurkezpen-txartela dira Gasteizen zerbitzuak eskaini nahi dituzten enpresak erakartzeko. Turismoa erakartzen duen hiri bat izan nahi dugun bezala, Gasteizek enpresentzako erakargarriak diren industrialdeak ere izan behar ditu. Industria sustatzea berebiziko apustua da. Izan ere, industriaren sektorean sortzen den lanpostu bakoitzeko 3 eta 5 enplegu bitartean sortzen dira beste sektore batzuetan”, azpimarratu du alkategaiak.
Gorka Urtaranen aburuz, enpresa- eta industria-jarduerak udalerrian pisu handia badu ere, "hainbat urtez, Udalak bizkarra eman die bere industrialdeei. Azken horiek hirigintza-diseinu zaharkituak dituzte eta ahalik eta azkarren urbanizazioak eguneratzea eta enpresen oraingo beharrizanetara gehiago egokitzen diren irtenbideak ematea eskatzen dute”.
Horregatik, hiru neurri orokorretan oinarritzen da EAJ-PNVren konpromisoa: Industrialdeetako zerbitzuen kalitatea hobetzea (bideak garbitzea, segurtasun eta zaintza gehiago jartzea, eremu berdeak mantentzea, industrialdeak haien artean lotzea eta garraio publikoa eta bideek neguan duten egoera hobetzea, beste neurri batzuen artean), hiri- eta enpresa-araudiak berrikusi eta egokitzea (muga gutxiago izan ditzaten eta enpresa berriak ezartzea eta jada badaudenak haztea ahalbidetu dezaten) eta hiru ardatzeko hirigintza-eredua lekualdatzea: industria-instalazioak birgaitzea, jada badauden espazioak birsortzea beharrizan praktikoei erantzunez eta ekonomia berraktibatzea.
Aurreikusitako beste tresna batzuen artetik, ondorengoak gailendu ditu Urtaranek: hutsik dauden industria-pabiloi eta instalazioen inbentario espezializatu eta borondatezkoa egitea, eragile ekonomiko, sozial eta politiko guztiekin industriaren aldeko tokiko mahai bat abian jartzea eta Industria zerbitzu eta zinegotzigo bat sortzea, Ekonomi Sustapen Sailaren barruan. “Baliabideak aprobetxatzean datza, industrialdeak behera bota eta berriro eraikitzearen aldeko apustu barregarrien aldean. Gure industrialdeak sustatzeko modua aldatu nahi dugu”, bukatu du Urtaranek.
Bestalde, Ramiro Gonzalez industriari mesede egiteko plan bat bultzatzeko beharrizanaz aritu da, Arabaren ekonomia berreskuratzeko motorra baita industria. “Plan horren helburu nagusia Araba enpresa berriak ezartzeko eta jada daudenak handitzeko erakargarria den lurraldea bilakatzea da”, azaldu du diputatu nagusia izateko hautagai jeltzaleak. Bere ustez, Kantabriak eta Errioxak enpresak erkidego horietan kokatzeko baliatzen dituzten politika erasotzaileak baliogabetu behar dira.
Zentzu horretan, neurri zehatzei buruz hitz egiteko, baldintzarik onenetan dauden lurzorua eta azpiegiturak enpresen esku jarri nahi dituela adierazi du, prezioaren eta instalazioen aldetik beste edozein lurralderekin lehiatuz. “Arabak ezin du utzi enpresa arabar bakar bat ere joatea. Araba erakargarria eta lehiakorra izango da enpresa berriak etortzeko eta jada hemen kokatuta daudenei lagunduko diegu, ez ixteko edo lurraldetik ez joateko”, argitu du.
Gorka Urtaranek egindako diagnostikoaren aldekoa da Ramiro González, eta argi utzi du ezin ditugula ahaztu orain dauzkagun industrialdeak, hobetu baizik. Horri dagokionez, industrialde horietara joateko garraiobide azkarra eta baldintza onetan dagoena bermatu behar dela azaldu du. Zehazki, Ramiro Gonzalezek honakoa iragarri du: “Miñanora joateko behar bezalako garraiobidea berrituko dugu eta legegintzaldi berriaren lehenengo minututik egin nahi dugu hori".
EAJ-PNVk lurraldearentzako dituen proposamenetako beste bat litzateke Forondako aireportuan enpresa-parke bat bultzatzea, aeronautikaren sektoreari lotutakoa. “Horretarako guztiz beharrezkoa da 24 orduko zerbitzua berriro ezartzea, eta ez diogu inoiz hori eskatzeari utziko", gailendu du Ramiro Gonzalezek. Eusko Alderdi Jeltzalearen ustez, kanpaina bat egin beharra dago Arabak enpresak ezartzeko duen ahalmena azpimarratzeko. “Azpiegitura garrantzitsuek bat egiten dute edo bat egingo dute lurralde honetan, esaterako euskal trenbide-sare berriak (euskal Y), Forondako aireportua, trenbideen sare konbentzionala eta Vasco-Aragonesa izeneko autobidea. Ezin dugu lurraldearen kokapen estrategiko hau alferrik galdu.
Inbertsiorako proiektu berriak zuzenean eta Europako araudia errespetatuz babestea eta Araba lurralde logistiko modura eta Arabako enpresen lehiakortasuna hobetzeko gako modura bultzatzea dira EAJ-PNVk lurraldeko industriarako prestatu dituen beste konpromiso batzuk. "Laburbilduz, plan oso bat abiaraziko dugu enpresa berriak erakartzeko eta jada badaudenen jarduera hobetzeko. Lau urtez geldi egon ondoren, Arabak aldaketa bat behar du eta Eusko Alderdi Jeltzalearen irtenbidea da posible den bakarra", bukatu du Ramiro Gonzalezek.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
EBB
2022/11/27