Prentsa Aretoa
2015/05/18
Ortuzar: Rementeria, Olano eta Gonzalez dira Euskadi egitasmoaren alde egiteko eta herrialdeen aniztasuna bideratzeko ardatza
Ahaldun nagusirako hiru hautagai jeltzaleek Ekonomia Berria Forum delakoan gaur esan dute Eusko Jaurlaritzarekin eta gainerako erakundeekin lankidetzan arituko direla, denon artean "Euskadi indartsuagoa egiteko".
Unai Rementeriaren hitzaldia Forum Nueva Economia ekitaldian
HITZALDIA - 2015/05/18Ramiro Gonzalezen hitzaldia Forum Nueva Economía ekitaldian
HITZALDIA - 2015/05/18
Argazkiak...
Andoni Ortuzarrek, EAJ-PNV-ren Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak Unai Rementeria, Markel Olano eta Ramiro González aurkezteko orduan esan du hiru hautagai hauek direla ardatz nagusia, Bizkaiko,Gipuzkoako eta Arabako foru aldundietatik, Euskadi egitasmo handiaren aldeko herrialde aniztasuna eta aniztasun politikoa bideratzeko. Bideratze honek eta sintonia honek, azken lau urteotan, Gipuzkoan eta Araban EH Bilduren eta PP alderdiaren kudeaketa lanaren ezaugarri diren tentsio eta gatazkagatik gertatu denarekin ez bezala, maiatzaren 24tik aurrera "balio dezaten batuketa egiteko, herri indartsuagoa egiteko. Eta horretarako, ezinbesteko dugu ardatz sendoa. Beharrezko dugu baten batek izpiritu berri hau lideratzen jakitea, herrialdeen arteko borondate eta ahaleginen batuketa bideratzea. Eta EAJ izango da ardatz hori" esan du gaur goizean Bilboko Ercilla Hotelean Ekonomia Berria Forum delakoak antolatuta egin den gosarian. Gaurko ekitaldi honetan 350 bat pertsona batu dira, hiru herrialdeetako ahaldun nagusirako hautagai jeltzaleei entzuteko .
“Duela hilabete,gure hiru alkategaiak aurkezteko orduan, euskal politikagintzaren `Euskal Y bidea´ osatzen dutela esan banuen, orain esaten dut EAJ-k nahi duela ahaldun nagusirako hiru hautagai hauek Euskadiren bizkarrezur eta ardatz nagusia izatea, gure herria elkartu eta batuko duen elementua, alegia. Hauteskundeetara aurkeztuko gara hiru herrialdeetan irabazteko anbizioarekin, hiru Foru Aldundien eta Batzar Nagusien laguntzarekin Euskadi berri hori lideratzeko, Eusko Jaurlaritzaren politikekin bat eginik, euskal erakunde guztiak lerrokatuta egon daitezen krisi egoeratik albait arinen irteteko eta, denon artean, herri hobea eraiki ahal izateko ”.
Ortuzarrek Unai Rementeria aurkezteko orduan esan du "Bizkaiaren eboluzioa" dela. "Gaztetasuna irabazten dugu, baina ez dugu gaitasun, konpromiso edo profesionaltasunik galtzen". Markel Olanoz hitz egiterako orduan esan du "Bere herrialdearen zama bizkarrean eraman dezakeen gizon lasaia dela. Ahaldun Nagusi izan zen eta bere agintaldian akordioak eman ziren, aliantza publiko-pribatua gauzatu zen. Akordio eta adiskidetzerako gizon aproposa da". Amaitzeko, Ortuzarrek zera esan du Ramiro González Arabar hautagaiari buruz "lau urte daramatza Araba goitik behera ibiltzen, Alderdi Popularrak bertan behera utzitako udalerrien ahotsa eta belarria izan da. Bere hitzaldi guztietan Ramirok proposamenak daramatza, EAJ-k hauteskunde hautetan daramatzan ikurrak".
Unai Rementeriak bere hitzaldian gogoratu ditu lagun baten 11 urteko alabatxoaren negarrak, neba txikienak jaurtiki zuen baloiak, bere ahalegin guztiekin lego piezekin eraiki zuen furgoneta desegin zionean. Bizkaiko hautagaiak azpimarratu du EAJ-k urte luzeak daramatzala herri hau "piezaz pieza" eraikitzen " lan handiarekin eta ilusio handiarekin". " Guri ere, lan honek bizitasuna ematen digu, engantxatu egiten gaitu, herri hau maite dugulako. Eta, urteetan, horren lan gogorra egin ondoren, herri honetaz arro gaudelako. Gizarte prestatua eta heldua daukagu. Emakume eta gizon miresgarriak. Inor erortzen uzten ez duen gizarte sarea daukagu. Primerako zerbitzu publikoak ditugu . Hazi nahi duen sare enpresarial eta industriala daukagu. Erakundeak ditugu; eta, Alderdi honek gobernatzen dituenetan behintzat, egonkortasuna eta bizitza kalitatea eskaintzeko lanean tematuta gaude. Herri honetan piezak jartzen segitzeko gogoarekin. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabak urrezko aukera dute orain. Krisitik irteteko prozesuak aukera uneak izan ohi dira . Hauxe da gure aukera handia" aldarrikatu du Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak. Aldi berean iragarri du hauteskunde hauetan, jokoan dagoela EAJ-k bere asmorik onenarekin eraiki duen guztia. "Jokoan daukagu Bizkaia orain arte bezala eraikitzen segitzea, hau da, piezaz pieza, amarrurik gabe, lanarekin eta ilusioaren bidez; eta beste aldetik, baloi batek horrenbeste urtetan eraiki duguna eraisteko arriskua dago". "Une horretan aurkitzen gara" esan du Rementeriak; " talde batzuk mehatxatzen ari dira orain arte eraikitako guztia . Gure autogobernuaren oinarrizko tresnak mehatxatzen dituzte, gure bizitza kalitatea mehatxatzen dute, gure ongizatea. Eta, beste alderdi batzuk gaude, EAJ bezala, herria eraikitzen segitzea bermatzen dugunak, denon ongizatea bermatzen dugunak. Piezaz pieza, denon artean, ilusioarekin. Eraikitzea ala eraistea. EAJ-k eraiki nahi du. Araba hazi arazi nahi du. Gipuzkoa hazi arazi nahi du. Egitasmo bateratua dugu Euskadirentzat. Bat gara".
Markel Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaiak baieztatu duenez, azken legegintzaldian " Ezker Abertzaleak bizkarra eman die herritarrei, eta bere planteamenduak inposatu ditu. `Atez atekoa´ da inposaketa horren adibide bat. Jendearengandik urrundu dira. Enpresengandik urrundu dira eta ekonomiari ez diote garrantzirik eman. Azken inkestetan ikusi da jendeak aldaketa nahi duela Gipuzkoan. Kalean esaten digute aldatzeko botoa emango dutela, eta jendeak galdetu egiten digu ea zertan lagundu ahal duten. Gipuzkoar emakume eta gizonak izango dira, beren botoen bidez, aldaketak behar dituen protagonistak. Ez bozkatzea ere bozkatzea da. Ez bozkatzea da aldaketa eragoztea. Bozkatzera joan behar dugu; baina, batez ere, gure ingurukoei erakutsi behar diegu aldaketa behar dugula: gure senideei, gure ezagunei, gure hurkoei. Eta aldaketa hori, nola ikustarazi? Herritarrekin hitz egingo dugu, entzungo dugu eta akordioak bilatuko ditugu. Ez dugu inposatuko".
Amaitzeko, Arabako ahaldun nagusirako hautagai Ramiro Gonzálezek baieztatu du hurrengo legegintzaldiak berebiziko garrantzia izango duela bere Herrialdearentzat, suspertze ekonomikoaren legegintzaldia izan behar duelako. Suspertze honen lidergoak Arabar Aldundiaren ardurapean egon behar du, herrialdea ondoen ezagutzen duen erakundea delako eta, era berean, ondoen ordezkatzen duena ere badelako. Horregatik, arabar hautagaiak hitza eman du "arabar industria suspertzeko plana" bultzatuko duela. "Araba herrialde industriala da eta industriak izan behar du suspertze ekonomikoa eragiteko elementua. Ahaldun Nagusi gisa egingo dudan lehena izango da talde politiko eta eragile ekonomiko guztiak deitzea eta arabar ekonomia suspertzeko akordioa adostea". Zentzu berean esan duenez, suspertze ekonomiko hau egiteko orduan "Arabaren indarrak baliatu behar dira, bere kokapena, bere lurzoru erabilgarria, enpresarien kemena eta ekimena eta Lanbide Heziketaren ezarpen indartsua aprobetxatu behar dira. Horiek dira gure indarrak”.
Bideo erlazionatuak...
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
EBB
2022/11/27