Prentsa Aretoa

2015/05/19

Urtaranek Salburua eta Zabalganaraino luzatuko du tranbia eta trenarekin lotuko du Dato kaleko geltokiaren osagarria izango litzatekeen beste geltoki batean, Triana kalean

Arabako Hiriarteko Garraio Plana berrikusteko konpromisoa hartu du Ramiro Gonzalezek, helburua arabarrei zerbitzatzea eta haien benetako beharrizanei erantzutea dela kontuan hartuz.

rss Ezagutzera eman
Urtaranek Salburua eta Zabalganaraino luzatuko du tranbia eta trenarekin lotuko du Dato kaleko geltokiaren osagarria izango litzatekeen beste geltoki batean, Triana kalean

ARGAZKIA JAITSI

  • Urtaran ampliará el tranvía a Salburua y Zabalgana y lo conectará con el tren en una terminal complementaria a Dato en las Trianas
    2015/05/19

    ARTXIBOA JAITSI

ARGAZKI GUZTIAK IKUSI  

EAJ-PNVren Gasteizerako alkategaiak eta Arabako diputatu nagusia izateko hautagaiak, Gorka Urtaranek eta Ramiro Gonzalezek, eraginkorra eta lehiakorra den garraio-eredu bat antolatzeko konpromisoa berretsi dute gaur goizean. Garraio-eredu horrek baliabide desberdinak bateragarri egingo lituzke, lurraldean eta hirian errazago mugitzea ahalbidetuko luke eta landa-inguruarekin integratuta egongo litzateke. EAJ-PNVk datorren legegintzaldian Araban gauzatu nahi duen estrategia garrantzitsu horrek erakunde guztien lana eskatzen duela defendatu dute bi hautagaiek, “denok bat”.

EAJ-PNVren Gasteizerako alkategaiak, Gorka Urtaranek, Salburua eta Zabalganaraino luzatuko du tranbia. Horixe litzateke garraioa eta mugikortasuna kudeatzeko bere ereduaren ardatz estrategikoa, garraiobideek biztanleen osasuna gehiago errespeta dezaten, landa-inguruan eta hiri-sarean gehiago integratu daitezen eta ekonomikoki eraginkorragoak izan daitezen. Horrez gain, tranbia eta trena lotzeko konpromisoa berretsi du Urtaranek, Dato kaleko tren geltokiaren osagarria izango litzatekeen beste geltoki intermodal baten.

"Alkate modura, Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Aldundiarekin lankidetzan arituko naiz tranbia luzatzeko, datorren legegintzaldian Salburuaraino eta unibertsitateraino hel dadin. Gainera, datozen lau urteetan tranbia Zabalganaraino luzatzeko lanei ekin behar zaie. Nik ez dut bete ezin dudan ezer hitzemango.  Beste batzuek aurkeztutako proiektuen aldean, gureak bi auzoetaraino eraman nahi du tranbia: bai Salburuaraino eta bai Zabalganaraino. Ni ez naiz Zabalgana auzoaz ahaztu, beste batzuek egin duten moduan”, azpimarratu du Urtaranek. EAJ-PNVren proposamenaren funtsa ekialdetik mendebaldera doan linea sortzea da, hots, Salburuatik Zabalganara doana, baina parterik errazenetik hasita: Angulematik Salburuara doan tartea eginez. Horrez gain, datozen lau urteetan tranbiaren Zabalganarako luzapen hori zehazteko eta lantzeko konpromisoa hartu du Urtaranek.

“Garraio-eredu iraunkor eta osasuntsua” garatzeko konpromisoa hartu du Gorka Urtaranek. "Hain eraginkorra izango da, non gasteiztarrek ez baitute hiri barruan mugitzeko beren ibilgailu pribatua erabiltzeko beharrizanik izango”. Alkategaiak adierazitakoaren arabera, horretarako hiriko ibilbideak hobetu beharko dira, gasteiztarrak oinez mugitzeko; bidegorrien sarea hobetu beharko da, bizikleta gehiago erabiltzeko; TUVISAren zerbitzua hobetu beharko da, flota berrituz, autobus elektrikoak erosiz eta BRTren instalazioa abiaraziz (Bus Rapid Transit); eta azkenik, tranbiaren lineak luzatu beharko dira.

Hiria ekialdetik mendebaldera lotzeaz gain, tranbiaren linea hegoalderantz luzatzeko konpromisoa hartu du Urtaranek, unibertsitateraino hain zuzen ere. Horrela, Euskaltzaindiako autobus geltokia fakultateekin lotuta geratuko da. Luzapen horren harira, trenarentzako eta tranbiarentzako geltoki intermodal bat egin ahalko da Triana kale inguruan.  “Hori da tranbia hegoalderantz luzatzeaz ari diren beste alderdi politiko batzuen proposamenen eta gurearen arteko beste desberdintasun bat. Gainerako proiektu horiek ez dute Triana kalean geltoki intermodala egitea barne hartzen", gogorarazi du Gorka Urtaranek.

Abiadura handiko trenak geltoki luzera handiko geltokiak behar dituela kontuan hartuta, Urtaranen proposamenak tren geltokirako sarrera bikoitza egitea aurreikusten du: bata oraingoa litzateke, Dato kalekoa, eta bestea Triana kalean egingo dena, tranbia hartzeko. Uhal edo pasabide mekanikoen bidez konektatuta egongo dira bi sarrerak eta horrela bidaiarientzat errazagoa eta azkarragoa izango da bertatik mugitzea, aireportuetan terminalak batzeko dauden pasabideen modukoak izango baitira. “Gasteizek ezin du geltoki intermodal eta modernoa izateko aukera galdu. Modu horretara, trenaren geltokiak eta autobusarena lotuko genituzke tranbiaren bidez eta bi geltokiak banatu ostean sortutako arazoak gutxituko lirateke”, defendatu du alkategaiak.

Bestalde, Arabako diputatu nagusia izateko hautagaiak, Ramiro Gonzalezek, bere foru gobernuaren ardatzetako bat lurraldearen oreka izango dela gogoraraziz hasi du bere hitzaldia, azken egunotan ere azaldu duen moduan. Eta horretarako arabarren bizi-kalitatea ezingo da bizi diren tokiaren araberakoa izan. EAJ-PNVren hautagaiak lan horretan hedabideek eta garraiobideek duten garrantzia azpimarratu du, “bai Arabarentzako logistikaz ari garenean eta bai pertsonen garraioaz ari garenean. Logistikaz ari gara eta komunikaziorako arteria handiez ari gara. Baina era berean lurraldearen orekaz ari gara, herrien, kuadrillen eta horien eta Gasteizen arteko komunikazioaz".

Urteetan zehar, errepide-sarea harrotzeko modukoa izan da Arabarentzat eta beste administrazio batzuentzat erreferentziazkoa izan da. Hala ere, Ramiro Gonzalezek hainbat aldiz salatu izan duen moduan, “azken lau urteotan ez dituzte gure errepideak batere zaindu. Eufemismoa litzateke zaintzeaz hitz egitea, errepideetan benetan egin dutena nonahi adabakiak jartzea izan denean”. Hori dela-eta, EAJ-PNVren hautagaiak datorren legegintzaldian errepidean zaintzeko zuzkidura handitzeko konpromisoa hartu du.

Arabako Errepideen Plan Integralari (AEPI) dagokionez, Ramiro Gonzalezek azken lau urteotan Aldundiaren artxibo batean ezkutatua eduki izana leporatu dio Javier De Andresi. “Lau urtetan bi errepide bakarrik berritu dira eta bakoitzak zortzi kilometro eskas ditu. Gainera, berandu egin dira bi obra horiek eta erabiltzaileek hainbat traba jarri dituzte azken emaitza ikusitakoan. Guztiz politikoa den irizpide bati jarraiki egin dira”, gogorarazi du Gonzalezek.

Datozen lau urteetan egin beharreko obren kronologia markatzeaz gain, plan horrek Arabako errepide-sarearen gune beltzak ere zehazten ditu. Istripu kopuru handiena duten guneak dira eta beraz, hainbat eta arinen landu behar direnak. Alderdi Popularrak ez duenez gune beltz horiek ezabatzeko ezer egin, "gure sareko gune beltz horietan ahalik eta arinen esku hartzeko" konpromisoa hartu du Ramiro Gonzalezek, "gure errepideak bertatik pasatzeko ederrak izateaz gain, askoz ere seguruagoak izan daitezen”.

Hitzaldia bukatzeko, Alderdi Popularraren foru gobernuak azkenengo legegintzaldi honetan martxan jarritako Bidaiaren Garraiorako Plana aipatu du Arabako diputatu nagusia izateko hautagaiak. Erabiltzaile, elkarte, administrazio batzar, udal eta kuadrillen partetik ia mila alegazio jaso zituen plan horrek. Horiek agerian jarri zituzten zerbitzu horretan antzemandako hainbat hutsune, erabiltzaile nagusiak haiek diren aldetik. “Orain, plana martxan jarri ondoren, erabiltzaileek beren kabuz baieztatu ahal izan dute ibilbideak, maiztasunak eta geralekuen kokalekua lehen baino okerragoak direla. Lehen ez bazieten haien beharrizanei erantzuten, orain are gutxiago. Horregatik, gobernuaren lehenengo minututik hasita plan hori berrikusteko konpromisoa hartu dut, helburua arabarrei zerbitzatzea eta haien benetako beharrizanei erantzutea dela kontuan hartuz”, bukatu du.

  Berri ikusiagoak...