Prentsa Aretoa
2015/05/22
EAJ-PNVren aldeko botoa emateko deia egin dute Urtaranek eta Gonzalezek, Gasteizekin eta Arabarekin gehien inplikatutako alderdia delako
“Hiriburutasunaren kanona, Eusko Jaurlaritzaren inbertsioak eta legegintzaldi honetan egin dugun lana dira herritarrek eskatzen duten aldaketarako bermerik onena", adierazi dute hautagai jeltzaleek
EAJ-PNVren Gasteizerako alkategaiak eta Arabako diputatu nagusia izateko hautagaiak, Gorka Urtaranek eta Ramiro Gonzalezek, EAJ-PNVren aldeko botoa emateko eskatu dute, Gasteizekin eta Arabarekin gehien inplikatutako alderdia dela erakutsi duelako. Euzko Alderdi Jeltzalearentzat, hiriburutasunaren kanona eta legegintzaldi honetan zehar eraiki diren azpiegitura nagusien finantzaketa dira Eusko Jaurlaritzak Euskadiko eta Arabako hiriburuaren alde egindako apustuaren froga onena. EAJ-PNVk azken urteotan Udalan eta Biltzar Nagusietan egindako lana gehitu behar zaio horri.
Florida parkean egindako ekitaldi batean, EAJ-PNVk legegintzaldi honetan Euskadiko hiriburuarekin izandako inplikazio osoa azpimarratu du Gorka Urtaranek. “Egitateekin erakutsi dugu hiriarekin konprometituta gaudela. Udalan bultzatu ditugun akordioei eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketari esker lortu ditugu inbertsio nagusiak. Azken horrek ia osorik ordaindu ditu Gasteizko obrak: auzo etxeak, autobus geltokia, Europa Jauregia eta auzo berrietako haurreskolak, esate baterako", azaldu du Gasteizerako alkategaiak, hiriburutasunaren kanonaren garrantzia gailenduz. “Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan Euskadiko hiriburuari esleitutako 20 milioi euroak dira lehendakariak eta Eusko Alderdi Jeltzaleak gasteiztarrekin izandako hurbiltasunaren, harmenaren eta konpromisoaren erakusgarria. Egitateen bermearekin goaz hauteskundeetara, lana ondo egin izanak dakarren asebetetzearekin eta datozen lau urteetan ere horrela lan egiten jarraituko dugulako bermearekin”, adierazi du Gorka Urtaranek.
Kanpainaren azken egun honetan, EAJ-PNVren hautagaiek herritarren botoari egin diote erreferentzia. Zentzu horretan, Gasteizek behar duen aldaketa seguru eta barearen berme modura agertu da Urtaran. “Gu gara irtenbide posible bakarra, hiriaren proiektuak aurrera atera ditzakeen udal gobernu anitz eta egonkorra osatzeko gai diren bakarrak. Aldaketa seguru eta zintzoaren buruan egongo den gobernua behar dugu, pertsonak aintzat hartzen dituena eta zorroztasunean eta egonkortasunean oinarrituta dagoena, Gasteizek zubiak ezartzeko izan duen bokazio hori berreskuratzeko", azaldu du alkategaiak.
“Atzo Iñigo Urkulluk esan zuen legez, aldaketa positibo, ireki eta eraikitzailea ekarriko du gure proiektuak, gehitu eta hazteko. Gizarteko kolektiboekiko eta gainerako alderdi politikoekiko elkarrizketan eta konpromisoan oinarritutako aldaketa dakargu, Gasteizek behar dituen akordioak lortzeko. PPk eta Bilduk erakutsitako erradikalismoaren aurrean, zentzu ona eskaintzen dugu guk, ez garelako beste batzuek beren diskurtsoarekin planteatzen duten ameskeriaren aldekoak. EAJ-PNVren aldeko botoa ematea ondo egindako lanaren eta herritarrek eskatzen duten gobernu berria lortzeko irtenbidearen aldeko konfiantza izatea da”, berretsi du Gorka Urtaranek.
Bestalde, Arabako diputatu nagusia izateko hautagaiak, Ramiro Gonzalezek, Arabak aldaketa behar duela azpimarratu du, aldaketa hori Arabara heltzear dagoela eta EAJ-PNVren eskutik etorriko dela. Zentzu horretan, Arana lurralde anitz eta irekia dela gehitu du, erradikalismoetatik eta arriskuetatik kanpo dagoena. “Alderdi baten eta bestearen proposamen erradikalen aurrean, Eusko Alderdi Jeltzaleak moderazioa, lana eta zentzu ona eskaintzen ditu. Horixe da EAJ-PNVk eta Arabako gizartearen gehiengoak egindako apustua", adierazi du.
Ramiro Gonzalezek argi utzi du Arabako gizarteak ez duela arriskurik edota erradikalismorik nahi. “Arabako gizarteak ekonomia eta enplegua berreskuratzeko lanean arituko den foru gobernua nahi du. Hitz egin, lankidetzan aritu eta adostasuna lortuko duen foru gobernua behar du. Eta Euzko Alderdi Jeltzaleak ditu balore nagusi horiek".
Amaitzeko, botoa ematearen garrantzia gailendu du hautagai jeltzaleak, aldaketa Arabara irits dadin, eta ahalik eta gehiengo osoena lortu behar dela gehitu du, foru gobernu sendoa izateko. “Igandean botoa ematera joateko deia egin nahi nuke. EAJ-PNVk irabaztea nahi dugula esatea ez da nahikoa. Gehiengo zabala lortzeko, jendeak botoa ematera joan behar du. Euzko Alderdi Jeltzaleak irabaztea eta gobernatzea nahi dutenek, EAJ-PNVren aldeko botoa eman behar dute. Asko dago jokoan Arabarentzat: bere etorkizuna”, bukatu du.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
EBB
2022/11/27