Prentsa Aretoa

2015/09/28

Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua, Biltzar Nagusietan agertu da, legegintzaldian gauzatzea aurreikusi dituen lan ildoak aletzeko

Igone Martinez de Luna, Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak nabarmendu du asmo irmoa duela “museoen foru sareko bisiten programa doakoa izan dadin berriz, 2016ko maiatzaren 18tik aurrera, alegia, Museoen Nazioarteko Egunetik aurrera”. Museoak “sustatu eta zabaltzeko” sail horrek egingo duen museoen planaren barruan sartu da neurri hori.

rss Ezagutzera eman
Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua, Biltzar Nagusietan agertu da, legegintzaldian gauzatzea aurreikusi dituen lan ildoak aletzeko

ARGAZKIA JAITSI

Ildo horretan, Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak nabarmendu du Natura Zientzien Museoak duen garrantzia, “bere funtsen barruan herrialdeko geodibertsitate osoa daukan bakarra” delako. Horrez gain, jakinarazi du elkarrizketak hasi dituela “lantalde bat era dezagun Gasteizko Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, beharrezko dugun museo eredua zein museoa hartzeko egin litekeen eraikinaren ezaugarriak zehazteko”. 

Kulturaren arloan, Aldundiak beste asmo bat ere badauka, hots, Arabako ondarearen gaineko ezagutza eta zabalkundea sustatzea ibilbide baten bitartez, zeina lurraldean lehendik dauden beste batzuen osagarri izango den. Horretarako, bultzatuko du “zirkuitu eta sareen sorkuntza, kultura arloko lana errentagarri egin dezaten Arabako kuadrilla guztiek”, eta, hartara, “egonkortasuna eman dakien kuadrilletako kultura teknikariei”.

Kuadrilletako teknikariak ere Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren politikaren oinarri izango dira, xede hartuta “kuadrilletako eta zenbait udaletako teknikariekin lankidetzan sortutako lantaldea sendotzea”. Are gehiago: diputatuak erronka nagusitzat jo du euskararen erabilera sustatu eta areagotzea, eta, horretarako, Arabako Foru Aldundiko Euskararen Foru Zerbitzuaren 2014-2017 aldirako bigarren Plan Estrategikoa dago. 

Baina ez da hori Aldundiak legegintzaldi honetan izango duen plan bakarra. Igone Martinez de Lunak azaldu du Arabako kultura zer den hausnartuko dela, “abiapuntutzat hartuta dauden talde, pertsona eta kultura eragileen eta horietara bideratutako azpiegituren diagnostikoa; gero, gogoeta prozesu bati ekingo zaio, zer izan beharko duen hausnartzeko, azkenean, Arabako kulturaren planean agertu dadin”. 

Kirolaren arloan, diputatuak asmoa agertu du Alvide fundazioa indartzeko, bai eta kirol klubekin eta hezkuntza zentroekin lankidetzan aritzeko ere, eskola kirolean kirol arloko prestakuntzaren ardura zuzena duten pertsonak espezializatzeko eta hobetzeko, alde batera utzi gabe era berezian sustatzea maila eta adin guztietako emakumeek kirola egitea.

  Berri ikusiagoak...