Prentsa Aretoa
2015/10/01
Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatua Biltzar Nagusietan agertu da, legegintzaldian gauzatzea aurreikusi dituen lan ildoak aletzeko
Pilar Garcia de Salazar, Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatuak toki erakundeek finantzaketa handiago izatearen eta lurraldea modernizatzearen alde egingo duela azaldu du eta ziurtatu du berrikusi, eguneratu eta hobetu egingo dituela nazioartekotzeko, berrikuntzarako, kudeaketa aurreraturako eta ekintzailetzarako laguntza lerroak
Arabako Foru Aldundiak apustua egingo du toki erakundeek finantzaketa handiagoa izatearen eta lurraldea modernizatzearen alde, gaur goizean Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatuak esan duenez. Pilar García de Salazar Biltzar Nagusietan izan da gaur datorren legealdian aurrera eramango dituen neurrien azalpen orokorra egiteko. Neurri horien artean dago toki erakundeen azpiegituretan inbertitzea, obra txikien aurrekontua 3.2 milioi euroraino handituta.
Partida hori finkatzeaz eta gainerako egitura planetarako ekarpenak bere horretan mantentzeaz eta handitzeaz gain, Lurralde Orekaren Sailak aurreikusi du Araba modernizatzeko zenbait neurri aurrera eramatea, horien artean daudelarik administrazio elektronikoa ezartzea eta lurraldean dagoen arrail digitalarekin amaitzeko plana. “Administrazio elektronikoak kontzeptu berria dakar herritarrekiko, enpresekiko eta erakundeekiko harremanetan, bai eta prozesuak birplanteatzen ere. Horretarako, udalen, partzuergoen eta kuadrillen sistema informatikoak birmoldatzea eta eguneratzea ari gara hausnartzen.
“Horretaz gain, ohartu gara iluntasun guneak handiak direla Araban; izan ere, hainbat lekutan ez dago telefonia mugikorrerako hartunerik, eta, kasu askotan, internetera sartzeko banda zabala ere ez. Horretarako, agintzen dugu Araba Konektaturik deituko diogun plan bat aurkeztuko dugula 2016an, Araba lurralde lehiakorrago eta mundura zabalduago egoten balioko duena teknologia berriak erabiliz”, azpimarratu du.
Baina ez dira horiek bakarrik lurraldean egingo diren jarduketak. Aldundiak aurreikusita du kontzejuen araudian eguneratze bat egitea “benetako babesa argitzeko”, TEFFF-aren foru arauan aldaketa bat egitea “adostasunik egoten bada” eta SISEUen birbanaketa egitea, horretan barne dagoelarik aurki Gasteizko Udalarekin beste hitzarmen bat sinatzea hornigaiekin dauden arazoak konpontzeko. Azken arlo horri dagokionez, hain zuzen, larrialdienari, diputatuak prebentzioa jarri du xede orokortzat, eta hori kudeatuko duen erakundea abian jartzeko proposamen bat egin.
Pilar García de Salazarrek bere politika ekonomikoaren ildo nagusiak aditzera eman ditu, eta laguntza lerroak berrikusi, eguneratu eta hobetu egin behar direla azpimarratu du. “Baliabide gehiago jarriko ditugu berrikuntza programan, enpresetan kudeaketa aurreratua egiteko Kudeabide programan diru gehiago jarriko dugu, sakontasunez berrikusiko dugu Ekin Araban programa ikuspuntu eraginkorrago bat emateko, eta enpresa finantzaketari laguntzeko dauden ekimenen eraginkortasuna, efizientzia eta eragina berrikusiko dugu, zehazki, bermeen lerroa eta Hazibide”, adierazi du. Ildo horretatik, sailak aurreikusi du jarduketa lerro berriak abian jartzea lankidetzari, nazioartekotzeari edo inbertitzaileak erakartzeari dagokienez.
Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatuak ez du aukera pasatzen utzi adierazteko bere horretan mantentzen duela egindako “apustu irmoa Araba Europako hegoaldeko logistika lotunea izateko, Arasur eta Jundizko plataformak, merkantzietarako etorkizuneko geltoki multimodala, Gasteizko aireportua eta Bilboko portuak ardatz bihurtuz Araba munduko merkatuarekin interkonektatzeko gune bihurtzeko xedez”, eta horretarako, Forondako aireportua ere giltzarritzat hartzen du. Pilar García Salazarrek iragarri du aireportu estrategiari laguntza handiagoa emango diotela erreferentzia izan dadin, merkantzietarako ez ezik bidaiarientzat ere. Horrez gain, adierazi du bultzada bat emango dutela enpresa parkea sortzeko, eta eskatuko dutela aireportua berriro 24 orduz irekita egoteko eta Mugako Ikuskaritza Postua berreskuratzeko.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
EBB
2022/11/27