Prentsa Aretoa
2015/11/25
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA: AZAROAK 25, EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO EGUNA
Arabako Biltzar Nagusiek, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta, beren gaitzespenik irmoena adierazten dute emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenekiko, zeinahi ere den (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), bai halaber sexismo-modu guztiekiko, barne daudelarik finenak eta normalizatuenak, hala nola sexuen araberako rol estereotipatuak ezartzea edo bizitzaren esparru askotan emakumeak ikusgai ez egotea. Bestelako diskriminazioak ere ezin ditugu ahaztu: lan prekarizazioa, enplegurik eza, zaintza-lanen zama isila.
Arabako Biltzar Nagusiek beren kezka adierazten dute indarkeria matxistaren azken adierazpenengatik: erasoak, jipoiak, bortxaketak eta erailketa matxistengatik eta gizarte-eredu patriarkal baten baitan jarduteko modu horiek barneratu eta normalizatzen dituzten eguneroko mikrobiolentziengatik.
Azaroaren 25a ez da soilik emakumeen aurkako biolentzia guzti-guztiak gaitzesten ditugula esateko eguna, biolentzia eragiten duen eragile oro gaitzesten dugula esateko eguna ere bada. Konpromiso zehatzak hartzeko eguna da, berriro argi esanez erakunde publikook lehentasunezko eragileak izango garela borroka honetan.
Arabako Biltzar Nagusiek beren gain hartzen dute gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna sustatzeko ardura, egitura sozial paritarioa lortzearren.
Denok daukagu erantzukizuna nork bere eragin-esparrutik aurrera egiteko, indarkeria matxista baztertu eta berarekin amaitzearren. Erakunde publikook, hezkuntza-eragileek, komunikabideek, lanaren, kulturaren eta ekonomiaren esparruko eragileek eta gutako bakoitzak, gure familiek, lagunek, kolektiboek... erantzule sentitu behar dugu eta indarkeria matxista babestu edo justifikatu lezakeen praktika oro alboratu. Denoi dagokigun zeregina da, eta horretarako ezinbestean aldatu beharra dugu gure gizarte-eredua.
Biolentzia matxistari aurre egiteko moduak ere ugariak dira eta denak onartu eta babestu behar dira.Emakumeen aurkako indarkeria da munduan sarrien gertatzen den krimen ezkutua, eta beraz giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen aurkako krimenik larrienetako bat.
Gure xedea da pertsona guztiekiko tratu onak bermatuko dituen gizarte batean bizitzea, gizarte bat urrats bat harago egingo duena eta, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra agertzearekin batera, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde argiro azalduko dena. Gure aldarrikapena da pertsonen arteko harremanak errespetuan, autonomian eta berdintasunean oinarrituko dituen gizartea. Errespetatzea ez da bakarrik ez erasotzea; aitzitik, berorren esanahia ere da pertsona bakoitzak, berdintasunik ezak dakarren mugarik gabe, bere bizitza-ibilbidea irudikatu ahal izateko bermea edukitzea. Zenbat eta berdintasun handiago, orduan eta indarkeria gutxiago.
Hori dela eta, eta indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, ondorengoak dira Araba ekitatibo eta feminista baten alde ditugun konpromisoak:
1. Arabako Biltzar Nagusiek beren dolua eta elkartasuna agertzen diete erasotutako edo eraildako emakumeei eta haien hurkoei eta senideei, eta Arabako Lurralde Historikoa "Zero tolerantziako lurralde” izendatzen dute emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean.
2. Arabako Biltzar Nagusiek Emakumeen Mundu Martxak onartua duen biolentzia matxistari aurre egiteko protokoloa bere egiten du.
3. Arabako Biltzar Nagusiek konpromisoa hartzen dute emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta tratu onen aldeko politika aktibo eta integral baten alde egiteko, talde eta elkarte feministekin koordinatuta eta behar diren baliabide tekniko eta ekonomikoez hornitua.
4. Arabako Biltzar Nagusiek konpromisoa hartzen dute erakunde, elkarte eta herritarren arteko koordinazioaren alde egiteko, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko ahalegin guztiak bateratzeko helburuarekin. Halaber, kezka berezia adierazten dute sendotzen ari direlako gazteen artean indarkeria eta emakumeen diskriminazioa betikotzen duten jokaera matxistak, eta sentsibilizazio sozialerako berdintasunezko politika publikoak sustatuko dituzte, esparru horretan esku-hartzeari begira, hala nola genero-berdintasuna txertatzea ildo kurrikularretan.
5. Horregatik guztiagatik, Arabako Biltzar Nagusiek beharrezkotzat jotzen dute indarkeria matxistaren aurkako erakundeen arteko akordioak burutzea, emakumeen kontrako erasoak geratu aurretik identifikatzeko, salatzeko, prebenitzeko edo desagerrarazteko.
6. Arabako Biltzar Nagusiek borroka feministarekin duten konpromisoa berresten dute, eta aitortzen dute berdintasunezko politika publikoak ezartzean izan duen erreferentziazko zeregina.
7. Arabako Biltzar Nagusiek herritarrei gonbitea luzatzen diete aktiboki parte hartzera azaroaren 25a dela-eta erakundeek zein mugimendu feministek antolatzen dituzten ekitaldietan.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
EBB
2022/11/27