Prentsa Aretoa
2016/04/30
EGIk Lehendakaria eta berrogeita hamar bat gazte elkartu ditu gazte enpleguaz hitz egiteko
‘Enplegua: gure erronka, gure etorkizuna”, EAJ-PNVren gazte erakundeak esperientziak partekatzeko topaketa antolatu du eta bertan bildu diren gazteek Iñigo Urkullu Lehendakariari enpleguari buruzko galderak egin ahal izan dizkiote
Euzko Gaztedi EGI erakundeak helburu bakar batekin antolatu du gaur berrogeita hamar bat gazteen eta Iñigo Urkulluren arteko topaketa: gazte enpleguaz hitz egitea. Esperientziak, galderak, erantzunak eta eztabaida eraikitzailea. Ariketa horretan eman dute gaurko goiza eta Lehendakariak halako bileren beharra eta onurak azpimarratu ditu: “Ezinbestekoa da entzutea, erantzuten jakin ahal izateko” esan du.
‘Enplegua: gure erronka, gure etorkizuna’ izenburupean, gaurko topaketa bi zati ezberdinetan banatu da. Lehengo zatian lau gaztek bertaratu guztien aurrean azaldu dituzte enplegu gaietan izan dituzten esperientziak. Beren lan ibilbideak azaldu dituzte Mikel Atxaerandiok, María Loitik, Argiñe Jubetok y Jon Ander Musatadik. Profil ezberdinak, sektore ezberdinak eta beharrizan ezberdinak. EGIk euskal gazteriaren irudi orokorra marraztu ahal izan du. “Historia osoko prestatuena”, gaur egun lan merkatuan tokia bilatzen saiatzen da “baina, zoritxarrez, eragozpen asko aurkitzen ditu enplegu egokia aurkitzeko orduan” esan du Diana Gonzalezek, Bizkaiko EGIren bozeramaileak eta ekitaldiaren aurkezleak.
Topaketa Auzo Factory Irazabal Matiko izenekoan egin da eta izaera aldarrikatzailea izan du baita ere. EAJ-PNVren gazte erakundearen aldetik Lehendakariari eskatu diote gazteriaren aldeko apustua egitea. “Etorkizuna bagara, orain aldian ere izan behar dugu indarra. Beraz, ondoen prestatuta gauden ikasleak bagara, denon artean lortu behar dugu ondoen prestatuta gauden langileak izan gaitezen”. Bigarren zatian, ekitaldiko parte hartzaileak izan dira hitza hartu dutenak. Lau gaztek Lehendakariari planteatu dizkiote enpleguari buruz dituzten galderak eta zalantzak, eta Lehendakariak, Eusko Jaurlaritzaren arlo honetan agintari gorena den aldetik, bertaratu guztiei azaldu dizkie orain arte eginikoak eta kontuan hartu izan diren ikuspuntuak.
Lehendakaria, gazteen esanetara
Gazteek planteatutako kezkak eta galderak izan dira atzerriko enpleguari buruzkoak, ekintzailetzaren ingurukoak, lan munduratzeko programei edo prestakuntzari buruzkoak. Lanpostua bilatzeko orduan, atzerrira joateko beharrari buruz, Lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritzaren helburua dela “ezagutza eta nazioarte mailako ezagutza erraztea, Euskadiko lan aukerak hobetuz, betiere” zehaztu du. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren aldetik “beti babestuko dugu jarduera eta enplegua Euskadin finkatzea” baina gogoratu du enpresek gaur egun erreferentzia globala dutela. “Kanpoko merkatuetan esperientzia baduzue, beti izango da ona hemen nazioartera zabaldu nahi duten enpresetan lan egitea”.
Euskadin gazteriaren prestakuntza mailaren araberako enplegu aukerak egongo ote diren ere galdetu diote. Lehendakariak zentzu horretan esan du bera ere jakitu dela enplegua aurkitzeko zailtasunak daudela eta gaur egungo enpleguak dituen baldintza errealez jabetzen dela. Orain bai, hurrengo urteotan “Euskal enpresek 25.000 lanpostu bete beharko dituzte”. “Gainera, hazkunde fasean gaude eta duela 9 hiruhileko atzeraldi egoeran geunden eta enplegua desagertzen ari zen. Apurka-apurka ari gara egoerari buelta ematen”. Orain bai, argi utzi nahi izan duen zerbait izan da “Gobernuak ez duela zuzenean enplegua sortzen”. Baina “bai ahalbidetzen eta bultzatzen dugu eta 775 milioi inbertitzen ari gara Enplegu Planean. Hori delako gure lehentasuna”.
Era berean, Lehendakariak gazteei zuzendutako lan munduratze egitasmoez hitz egin ahal izan du. Abiapuntu gisa Lehen Aukeran eta Hazilan aipatu ditu “horien bidez lortzen ari gara 2.700 gaztek lehen lan esperientzia izatea”. “Lan munduratze osorako bidean lehen urratsa lehen esperientzia izan ohi da, eta horixe da Lehen Aukeraren filosofia, lehen urratsa erraztea; gazteriari lan egiteko gaitasuna erakusteko lehen aukera ematea” azaldu du. Era berean, EGIk luzatu dion gonbidapena baliatu du “enpresa munduari egin nahi diodan deia berresteko, gazteria bere proiektua sar dezan”.
Gaurko goizean Iñigo Urkulluk erantzun behar izan duen azken gaia izan da ekintzailetza. Gazteetako batek galdetu dio bide hori ote den konponbidea eta zera erantzun du Lehendakariak “ez dut esaten hori konponbide bakarra denik, baina argi dago konponbideetako bat izan daitekeela”. Azaldu duenez, Euskadin, lau pertsonetatik batek bere negozioa martxan jartzeko helburua dauka,eta AEBn lautik hiru dira. “Esan dezakedana da Eusko Jaurlaritzaren aldetik eta erakunde guztien aldetik, pertsona ekintzaileek behar duten babesa izango dutela. Orain bai, erabakia zuoi dagokizue, zuek eman behar duzue pausoa” gonbidatu ditu.
Lan jardunaldiari amaiera emateko orduan, Lehendakariak EGI gazte erakundeari eskertu dio topaketa honetan parte hartzeko luzatu dion gonbidapena eta “ezinbestekoa da entzutea, erantzun ahal izateko” esan du. Era berean gaineratu duenez “gaur egun Euskadi hazkunde bidean dago eta elkarrekin lan egiten badugu hazkunde erritmoari eutsiko diogu eta enplegu aukera berriak sortuko ditugu” amaitu du.
Aldi berean, esan du bai erakundeak, bai enpresak, bai gazteriak “helburua zehaztu behar dugula”. Norberaren helburua zehaztu “lan munduan integrazioa lortzeko, kontuan izan behar duzue enpresak eskatzen dituzten jarrerak eta balioak. Hau da, lanerako prestutasuna, taldean lana egiteko ahalmena eta konpromisoa”. Eusko Jaurlaritzak ere helburua ere zehaztu behar du: “Gure ardura da Unibertsitatea eta Lanbide Heziketa enpresa mundura hurbiltzea. Zubigintza horretan aurrera egin behar dugu, lan integrazioa errazteko; euskal ekonomiaren Berrikuntzan eta Nazioartekotzean inbertitzen jarraitu behar dugu ere”. Eta, herri moduan helburua zehaztu. “Urte honetako aurreneko hiru hilabeteak positiboak izan dira. Gure lehentasuna kalitatezko enplegua sustatzea da eta horretarako lortutako hazkundea eutsi eta areagotu behar dugu”.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
EBB
2022/11/27