Prentsa Aretoa

2016/05/18

Adierazpen Instituzionala, Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta

Sexu-orientazio eta genero-identitateagatiko diskriminazioaren aurka

rss Ezagutzera eman
Adierazpen Instituzionala, Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta

ARGAZKIA JAITSI

Maiatzaren 17an sexu-orientazioa eta genero-identitateagatiko diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da, egun horretan 1990an Osasunaren Munduko Erakundeak homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik atera baitzuen.

Mundu zabalean, 80 dira oraindik sexu bereko pertsonen arteko harremanak edo LGBTI+ pertsonen eskubideen aldeko lana zigortu egiten dituzten herrialdeak: espetxearekin, zigor fisikoekin edo baita heriotza-zigorrarekin ere. Are Europar Batasuneko zenbait herrialdetan erreforma konstituzionalak ari dira egiten sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen aurka.

LGTBfobia oso presente dago oraindik gure gizartean, aisialdi-lekuetan, hedabideetan, sare sozialetan, lantokietan eta hezkuntza-zentroetan. Barne Ministerioaren Estatistika Urtekariaren arabera, 2014ko datuekin, delitu ohikoenak sexu-orientazio edo –identitatearekin lotutakoak dira; delitu guztien %39,9, hain zuzen ere. Datu horiek berez dira oso larriak, baina are larriagoak Europar Batasuneko Oinarrizko eskubideen Agentziaren arabera, LGTBI+ pertsonen aurkako erasoen %60 eta %90 bitartean ez baitira inoiz salatzen. Bizi dugun egoera benetan dramatikoa da. Errealitate horren aurrean, pertsona guztien askatasuna eta eskubideak aldarrikatzen ditugu, zeinahi dela ere beren genero-identitatea edo sexu-aukera.

Alde horretatik, gizaki guztiak aske eta duintasun eta eskubide berberekin jaiotzen direla sinestuta, eta jakinda botere publikoek sexu-orientazio eta genero-identitate eta –adierazpenagatiko indarkeria eta gorrotoa saihesteko betebeharra dutela, bai eta emakume eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioak errespetatzeko, Arabako Batzar Nagusietako Bozeramaileen Batzarrak ondorengo adierazpen instituzionala egiten du:

1. Aldarrikatzen dugu gizakiaren dibertsitatea eta askatasunaren errespetuarekin dugun konpromisoa, zeina Giza Eskubideen Adierazpenean jasota baitago. Halaber, konpromisoa azaltzen dugu Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean (EZPNI) jasotako printzipioekin eta sexu-orientazioari eta genero-identitateari buruzko giza eskubideen nazioarteko legeak aplikatzearen gaineko Yogykartako Printzipioekin.

2. Printzipio horien alde ekintza politiko eta instituzionala egiteko gure konpromiso aktiboa adierazten dugu, eta eskatzen dugu behar diren neurriak eta bitartekoak hartu daitezela, bai legezkoak bai administratiboak, egiazkoa izan dadin berdintasunerako eskubidea eta sexu-orientazio, genero-identitate edo genero-adierazpenagatik diskriminatuak ez izateko eskubidea administrazio eta botere publikoek eskumena duten esparru publiko zein pribatuetan. Horrek eragina izango du bizitza sozialaren esparru guztietan, bizitzaren etapa guztietan eta bizitzan zehar izandako gertaera guztietan.

Alde horretatik, uste dugu botere eta instituzio publikoen lehentasunezko helburu izan behar dela baldintzak ezartzea benetakoak eta egiazkoak izan daitezen pertsona lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta intersexualen eta eurek osatzen dituzten taldeen eskubideak. Hartara, bizitza sozialaren esparru guztietan parte-hartzea ahalbidetu behar zaie, eta lagundu beharra dago pertsona horien pertzepzio sozialean eragin negatiboa duten estereotipoak gainditzen.

3. Irmotasunez gaitzetsi eta errefusatzen dugu pertsona lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta intersexualen aurkako indarkeria oro. Hortaz, Batzar Nagusi hauek eragile aktibo izango dira eskubide horien urraketaren aurkako borrokan, eta eskubide horiek sustatuko dituzte gure Lurralde Historikoaren eremu guztietan; hala, bermatuko dute pertsona horien benetako berdintasuna eta beren askatasunaren, segurtasunaren eta osotasun fisikoaren defentsa, bai eta beren ikusgarritasuna ere, gainerako erakunde eta gizarte kolektiboekin lankidetzan arituz.

4. Adierazten dugu bereziki kezkatzen gaituztela nazioartean dokumentatu diren kasuek; izan ere, kasu horiek agerian jartzen dute, gaur egun ere, zenbait herrialdetan pertsonak kriminalizatu egiten direla beren sexu-orientazioagatik, bai eta homofobia, lesbofobia edo transfobiagatik egindako krimenak eta pertsona lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta intersexualen kontrako tratu txarrak. Hori dela eta:

Nazioarteko komunitateari, Nazio Batuei eta Europar Batasunari eskatzen diegu berehala esku har dezatela eskubide horien errespetua bermatzeko, eta agintari eskudunek sexu-orientazioan edo genero-identitatean oinarritutako giza eskubideen urraketen gaineko salaketa eta txosten guztiak ikertzeko, albait lasterren eta urraketa horien egileak kontuak ematera eta epaitegien aurrean agertzera behartuz.

Eskatzen dugu indargabetu daitezela sexu-orientazio edo genero-identitatea dela-eta pertsonen diskriminazioa, prozesamendua edo kondena eragiten duten lege guztiak.

Exijitzen dugu berehala askatu daitezela sexu bereko pertsonekin sexu-harreman baimenduak izatearren atxilotutako edo kondenatutako pertsona guztiak.

5. Administrazio eskudunei eskatzen diegu aplikatu dezatela, exijitu daitezkeen berme guztiekin, sexu-orientazioa, sexu-adierazpena edo genero-identitatearen errekonozimendua 12/2009 Legean jasotako asilo politikoa emateko arrazoi gisa, bai eta aurrera egin dezatela pertsona horien babes subsidiarioaren benetako errekonozimenduan.

6. Osasunaren Mundu Erakundeari (OME) eskatzen diogu kendu ditzala "genero-disforia / "genero-identitatearen nahasmenduak" kategoriak diagnostikoen katalogoetatik (American Psychiatric Association-en DSM eta CIE – OMS); izan ere, transexualitatea gaixotasun mental gisa jasotzen dute oraindik. Hauxe bera dio du kolektiboak 2016rako egindako “osasun mentala eta ongizatea” aldarrikapenak.

7. Eskatzen dugu herritarrek kolaboratu dezatela indar politikoekin, erakundeekin eta botere publikoekin pertsona lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta intersexualen berdintasunezko bisio sozialean aurrera egiteko. Horretarako,  sentsibilizazio-, informazio- eta zabalpen-lan etengabea eta bateratua egingo da, berdintasunean eta errespetuan oinarritutako harreman-erreferentzia berriak eraikiz.

8. Eskertu egiten dugu berdintasunaren arloan eta sexu-orientazio eta genero-adierazpen edo –identitateagatiko diskriminazioaren kontra lan egiten duten kolektiboen inguruan sortutako taldeen lana eta laguntza, eta Arabako Batzar Nagusien errekonozimendua eta begirunea helarazten diegu eskubide zibil eta askatasun publikoen aldeko borrokan.

9. Dei egiten diegu gure Lurralde Historikoko gainerako erakunde publikoei eta herritarrei bat egin dezaten berdintasunaren aldeko borrokaren ekimen horiekin, eta lan proaktiboa egin dezaten homo-lesbofobia, transfobia eta bifobiaren zein gure gizartean dagoen beste edozein diskriminazioren kontrako borrokan.

  Berri ikusiagoak...