Prentsa Aretoa

2016/06/08

Frente Polisarioari harrera eta Takbar Haddi ama sahararraren aldeko Erakunde Adierazpena

Astelehenean, Arabako Batzar Nagusiek bilera bat izan zuten Mendebaldeko Saharako Frente Polisarioko bi ordezkarirekin, Takbar Haddi ama sahararraren egoera ezagutzeko. Topaketa honen ostean, Arabako Batzar Nagusiek Takbar Haddiren aldeko Erakunde Adierazpen bat adostu dute.

rss Ezagutzera eman
Frente Polisarioari harrera eta Takbar Haddi ama sahararraren aldeko Erakunde Adierazpena

ARGAZKIA JAITSI

Takbar Haddik gose greba hasi zuen iazko maiatzaren 15ean, Kanaria Handiko Las Palmasko Marokoko kontsuletxearen aurrean, 21 urteko Mohamed Lamin Haidala semearen erailketagatik. Kolono marokoarrek eraso egin zioten, okupazio agintarien babesarekin, eta ospitalean hil zen, zabarkeria medikoagatik.

 Semeari bizia kendu zion bidegabekeria ikusita, hilketa ikertzea eta erantzukizun guztiak argitzea erabaki zuen. Marokoko Justizia Ministeriora eta Erregeak Aaiunen duen Prokuradore Nagusiarengana jo bazuen ere, ez zuen inolako erantzunik jaso. Takbar Haddik polizia jazarpena pairatzea baino ez zuen lortu: familiaren etxean sartu ziren indarrez, inguruko kaleak hartu zituzten, etxe barruan jipoitu zituzten, torturatu eta ondasunak txikitu zituzten.

 Takbar Haddik Espainiako Estatuko 500 elkarte baino gehiagoren babesa jaso zuen baraualdian, eta okupazio marokoarrak bere kolonoen artean ereindako gorrotoaren ondorio lazgarriak salatu zituzten.  Preskripzio medikoagatik eta emakumearen bizia arriskuan ikusita haren aldarrikapenekin bat egin zuten pertsonek behin eta berriz eskatuta, emakume sahararrak gose greba utzi zuen, baraualdia hasi eta 36 egunetara, eta politika, kultura eta elkartasun mugimenduetako pertsonek hartu zuten haren lekua, 24 orduko baraualdiak eginez bata bestearen atzetik. 

 Mohamed Lamin Haidalaren heriotza lazgarriaren aurrean eta bere amak, Takbar Hadi-k, semearen gorpua eskatu eta justizia aldarrikatzeko duen eskubide legitimoaren aurrean, Arabako Batzar Nagusiek ondorengo testua onartu dute:

ERAKUNDE ADIERAZPENA

  1. Arabako Batzar Nagusiek babesa eta laguntza eskaini nahi dizkiote Takbar Haddi saharar herritarrari, zeinak 36 eguneko gose greba egin baitzuen duela urtebete, Mohamed Lamin Haidala semearen hilketagatik.
  2. Arabako Batzar Nagusiek eskatzen diote Espainiako Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioari, exijitu diezaiela Marokoko agintariei Mohamed Lamin Haidalaren heriotza argitzeko ikerketa independentea eta utz dezatela amaren esku semearen gorpua, era duinean ehortz dezan.
  3. Arabako Batzar Nagusiek eskatzen diote Espainiako Gobernuari, MINURSOren mandatuaren hurrengo berritzean, Mendebaldeko Sahara okupatuan giza eskubideen errespetua zaintzeko ahalmena.

4.     Arabako Batzar Nagusiek erabaki dute eskaera hau bidaltzea Espainiako Gobernuko Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioari, bide eman diezaion.

  Berri ikusiagoak...