Prentsa Aretoa

2016/09/13

Urkulluk "ekintzen bidez" erakusten jarraituko du EAJ-PNVk Vitoria-Gasteiz Euskadiko hiriburuarekin duen konpromisoa

EAJ-PNVk Arabako erakundeen eskutik lan egingo du Vitoria-Gasteiz hiriburuan egitasmo zehatzak burutzeko.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Ekintzak eta egitasmo zehatzak, eta ez haizeak eramaten dituen hitz hutsak" esan du Iñigo Urkulluk EAJ-PNVk Vitoria-Gasteizekin, Euskadiko hiriburuarekin daukan konpromisoa gogoan. Urkulluk egitasmo zehatzak zerrendatu ditu, besteak beste herritarren mugikortasun iraunkorra hobetzeko zerbitzuak eta  erietxeetako eta ikastetxeetako zerbitzuak. Jarraipena "denbora errealean" egingo zaien egitasmoak dira, beraien betepena baloratzeko orduan. "Hori da kudeaketa eraginkorrarekin eta gardentasunarekin daukagun konpromisoa" gaineratu du Urkulluk.

Gaur goizean Ajuria Eneako Jauregi aurrean egin den ekitaldian, berraukeratua izateko aurkezten den hautagai jeltzaleak berak eta EAJ-PNV osoak Vitoria-Gasteizekin hartu duten konpromisoa adierazi du. Zentzu honetan, Vitoria-Gasteizen aurreikusten diren hurrengo egitasmoak azaldu ditu: Tranbia Unibertsitatera eta Salburuara eramatea; argindarrez mugitzen den autobusarekin eta BRTrekin garraio azpiegiturak osatzea; Koroatze Auzoa birgaitzeko lanak; Zaintza intentsiboen unitate berria eta lagundutako ernalketa unitate berria Txagorritxun; dialisi zerbitzu berriak Santiago erietxean; Zabalganan eta Salburuan lehen, bigarren eta haur hezkuntza zentro berriak; Jundiz eta Arasurreko plataforma logistikoa ekonomia suspertzeko helburuarekin bultzatzea, besteak beste.

Urkulluk gogoratu du  legealdi honetan, "lehen aldiz", Udalarekin hitzarmena izenpetu dela eta horren bidez urteko 5 milioiko inbertsioa egingo dela hiriburutasun kanon gisa . Kopuru hori hurrengo urteotan "handituko da". Horiek ekimen guztiek agerian uzten dute EAJ-PNVk Vitoria-Gasteiz eta Arabarekin duen konpromisoa .

“Espainiar gobernuari, esana bete dezala ”

Euskadiko hiriburuarekin daukan konpromisoaren ildo beretik, Urkulluk baieztatu du Espainiar Gobernuari exijituko diola "agindutakoa betetzea eta erantzukizunei aurre egitea". Abiadura Handiko Trenaren inguruan hitzartutakoa bete dezala,  "AHT euskal hiriburuetara ekartzeko, eta Trenbideak lurpean jar ditzala  lekua eta bizitza kalitatea irabazteko" azaldu du.

“Bulego gardenak”

Lehendakariak era berean aipatu ditu hiritarren parte hartzea, kudeaketa eraginkorra eta gardentasuna: "Bulego gardenak, hori da gure Gobernuaren nortasun ikurra" esan du.

Oraingo Eusko Jaurlaritza da hiritarrei "denbora errealean" informatzen dien lehen gobernua eta gizarteari  bere egitasmoa aurkeztu diona, herritarrek baloratu dezaten. Iñigo Urkulluk esan du bide beretik jarraituko duela eta hitzeman du  Egitasmoan jasotako "1.830 ekinbideen betepenaren garapenaz" informatuko duela.

  Berri ikusiagoak...