Prentsa Aretoa

2017/02/24

Euskara lan-hizkuntza duten bost ganbera legegileek eta Euskaltzaindiak Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa aurkeztu dute.

Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak 2011n sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza da, eta parte hartu dute Eusko Legebiltzarrak, Nafarroako Parlamentuak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek, IVAPek, UZEIk eta Euskaltzaindiak.

rss Ezagutzera eman
Euskara lan-hizkuntza duten bost ganbera legegileek eta Euskaltzaindiak Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa aurkeztu dute.

ARGAZKIA JAITSI

Euskaraz lan egiten dugun erakunde legegileek 35 urteetan zehar erabili izan ditugun hitz juridiko-parlamentarioek beharrezkoa zuten Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentario honek eskaintzen duen normalizazio- eta estandarizazio-markoa. 

Lan hau egiteko lantalde tekniko bat eratu zen 2015eko irailean, non parte hartu zuten erakunde legegileen (Eusko Legebiltzarra, Nafarroako Parlamentua eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak) eta IVAP, UZEI eta Euskaltzaindiaren ordezkariek.  

Egin zituzten bileretan, Gotzon Loberak –batzorde teknikoaren lehendakariak- azaldu duenez, erakunde bakoitzak bere eguneroko lanean erabiltzen duen terminologia partekatu zuten, zehazki, artxibo eta datu-baseetatik ateratako 255.298 hitzekin hasi ziren. Hortik aurrera, 4.343 sarrera elebidun atera ziren, zeinak abiapuntu gisa erabili ziren Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa sortzeko beharrezko adostasunak iristeko.

Lan-metodologiaren oinarria adostasuna izan zen, erakunde bakoitzaren hitz esklusiboak errespetatuz eta erakunde legegileek partekatzen zituzten sarrerentzako erabilera normalizatua iritsiz. Era horretan, azkenean, 1.754 hitz jaso dira dokumentu honetan. Dokumentua Euskaltzaindiaren Osoko Bilkurak onetsi du, zeinaren helburuen artean euskararen normalizazioa dagoen.

Gaur, otsailak 24, aurkeztu den argitalpenak erakunde legegileetako lehendakarien konpromiso eta asmoen adierazpena ere dakar. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Pedro Elósegui Arabako Batzar Nagusietako lehendakariak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak, egindako bateratze-lanaren balioa nabarmentzeaz gain, uste dute oinarrizko hiztegi hau dela “oinarri on bat etorkizunean euskaraz sortuko diren termino juridiko-parlamentario berriak finkatzeko“, eta nahi dute “erabilgarria izatea ez soilik gure ganberetako zerbitzu eta kideentzat, baita profesionalentzat eta, azken batean, herritar guztientzat ere”. Halaber, adierazpen honetan eskerrak ematen dizkiote Euskaltzaindiari eta aitortzen dute ezen ”Euskaltzaindiaren laguntza eta babesa ezinbestekoak direla eta izango direla horrelako lanetarako”. Dokumentua sinatu da ekitaldian zehar eta Andres Urrutia Euskaltzaindiaren lehendakariari eman zaio, bost erakunde legegileen euskararekiko hitzarmenaren adierazgarri gisa.

Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, Bakartxo Tejeriak, bere hitzetan aitortu du: “Hemen aurkezten dugun Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioarekin beste aurrerapauso bat eman dugu euskararen normalizazio- eta arautze-bidean: euskararen alde bat egin dugu terminologia parlamentarioa batuz. Eta bat egite horrek esannahi berezia du, lehen aldia delako, eta euskararen alde bat egin dugulako.” “Euskara guztiok elkarrekin dugun ondarea da. Arabarrok, bizkaitarrok, gipuzkoarrok eta nafarrok eta gurekin batera zuberotarrek, baxenabartarrek eta lapurtarrek elkarrekin dugun ondarea. Euskarak elkartzen gaitu. Zaindu eta erabil dezagun euskara eta jarrai dezagun lanean, oraingo eta hurrengo belaunaldiek ezagutu dezaten benetako hizkuntza-askatasuna.”

Ainhoa Aznárez Nafarroako Parlamentuko lehendakariak hau azpimarratu du:”Euskaltzaindiaren eskutik buruturiko lana da, eta euskararen akademiari eskertu behar diogu Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko herri mugakideok partekatzen ditugun altxor kulturaletatik handienetakoa dugun euskararen gramatika-legeak babestu, ikertu eta garatzea. Menderik mende gure arbasoek beren gizarte ezberdinak garatzeko tresna gisa erabili zuten hizkuntza dugu, hainbat gorabehera historikoren ondorioz diskriminatua. Okerreko egoera hori aspalditik gabiltza zuzendu nahian.” 

Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otaduik gogora ekarri du hau: “Eskerrik asko euskarari, aukera eskaini digulako esparru pribatuari eta erakunde publikoei lankidetzan aritzeko. Eskerrik asko Euskaltzaindiari, zeren, bere ekimen eta gidaritzarekin, aukera eman baitigu hiru Batzar Nagusien, Nafarroako Foru Parlamentuaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko lankidetza hau gaurko argazki eder honetan islatzeko. Etorkizun handiko eta norbere berezitasunetik lankidetzan aritzeko asmoz betetako argazkia dena."

Pedro Elósegui Arabako Batzar Nagusietako lehendakariaren  hitzetan ”Egun, Araba ahaleginetan ari da berea duen altxor bat berreskuratzeko: bere hizkuntza. Euskara berriz ere bada gizakien arteko harremanetarako tresna, ez bakarrik lurraldearen iparraldean, baita ere Lautadan edo Arabako Errioxan. Arabako biztanleen %23 baino gehiago da euskaldun gaur egun. Arabako instituzioek, betiere Euskaltzaindia lagun eta aholku-emaile izan dugula, berpizte hori hauspotu egin dugu, eta sarri askotan ondoko lurralde historikoen informazioa eta babesa jaso dugu.” “Hala, esaterako, gure instituzioak berak Bizkai eta Gipuzkoako batzarren bestelako izendapen bat izan zuen oraingo legegintzaldia hasi bitartean. Ezarri zirenetik ia 30 urtera, Arabako Batzar Nagusiek ‘Biltzar’ terminoa erabiltzeari utzi zioten eta ‘Batzar Nagusiak’ izendapena hartu.”

 

Beste aldetik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Eider Mendozak azpimarratu du: “Euskarazko hiztegi juridiko- parlamentario hau, Hizkuntza baten adierazpena ez ezik, Herri baten adierazpena ere bada, euskarak izena ematen dion Herriarena, Euskal Herriarena eta Euskadirena, bere barruko desberdintasun eta aberastasun guztiekin. Euskalkiak eta azpieuskalkiak ugariak dira eta denak dira hizkuntza bat eta bera: euskara. Hizkuntza zaintzea eta garai berrietarako prestatzea Herria eta jendea duintasunez tratatzea da eta horretarakoxe gaude erakundeak, herritarrei begirunea izateko bere-berea dutena zainduz, oraingoan, euskara.”

Azkenik, Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu du: "Lan honen merituetako bat da batasunarena, hiztegi honek erakusten baitu, pluralitatea errespetatuz eta uniformetasunean erori gabe, euskara bat dela, bere kolore eta soinu desberdinekin, bere errealitate sozial eta geografiko diferenteekin"."Bide berri zabala ireki da oraingo honetan, liburuaren zein teknologia berrien bidez. Hala ere, bada zer jorratu, segida eman behar baitzaio honi, guztion laguntzarekin. Euskaltzaindia prest dago horretarako. Horra eginkizuna eta, aldi berean, etorkizunerako erantzukizuna".

Oinarrizko Hiztegi Juridiko- Parlamentarioa Euskaltzaindiaren web orrian izango da eskuragai, kontsultatzeko, baita erakunde legegile guztien web orrietan ere, barne-erabilerarako zein erakundeen web orri horietara hurbilduko den edozeinek kontsultatzeko eta deskargatzeko.

Ekitaldira jende asko etorri da, eta horien artean erakundeetako ordezkari ugari ikusi dugu, izan ere, lantaldeko kideez gain, proiektuan parte hartu duten ganbera legegileen ordezkariak ere etorri dira, baita gobernu bakoitzarenak eta Euskaltzaindiaren Osoko Bilkurarenak ere. Eusko Jaurlaritzako Josu Erkoreka eta Bingen Zupiria sailburuak dira ekitaldian ikusi ditugun kargudun ezagunen artean azpimarratzeko modukoak.

  Berri ikusiagoak...