Prentsa Aretoa
2017/03/16
Arabako Batzar Nagusiek Europako Justizia Auzitegiak Mendebaldeko Saharari buruz emandako epaia betetzearen gaineko Adierazpen instituzionala onartu dute
2016ko abenduaren 21ean, Europako Justizia Auzitegiak erabaki zuen ezen Mendebaldeko Sahara ez dela Marokoko Erresumako zati, eta horrek esan nahi du Europar Batasunaren eta Marokoren arteko ezein merkataritza-akordio ezin dela aplikatu Mendebaldeko Saharan, eta ezin dela merkataritza jarduerarik ezarri, ezta Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak esportatu ere, saharar herriaren onespenik gabe.
Epai hori nahitaez bete behar dute Europako eta Estatuko agintariek; horregatik, beren betebeharra da hori errespetatzea eta, gainera, herritarrei ezagutaraztea, behar bezala aplikatze aldera.
Halaber, NBEko Segurtasun Kontseiluak 2016ko apirilean onetsitako 2285 ebazpenaren arabera, irtenbide politiko bat lortzea eta Magrebeko estatuen arteko kooperazioa hobetzea lagungarriak izango dira eskualdeko egonkortasunerako eta segurtasunerako.
Espainiak, 1976ko otsailaren 26an, alde egin zuen Mendebaldeko Saharako lurraldetik, bukatu gabe utzirik deskolonizatze-prozesua, NBEren esparruan abiarazita zegoena; hortaz, Espainiako Estatuak erantzukizun historiko, juridiko eta morala dauka saharar herriarekiko. Ildo horretatik, astelehen honetan bertan gogoratu dugu Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren sorreraren 41. urteurrena.
Horiek horrela, Arabako Batzar Nagusiek:
- Dei egiten dute Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2016ko abenduaren 21eko epaia errespetatu eta betetzera, zeinen arabera Marokoren eta Europar Batasunaren arteko asoziazio- eta liberalizazio-akordioak ez diren Mendebaldeko Saharako lurraldean aplikatzen.
- Adierazten dute kezkatuta dagoela Europako konpainiek Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak ustiatzen dituztelako, zeren gai hori nazioarteko eta Europako zuzenbidearekin kontraesanean baitago; eta berriz ere gogora dakar legez kanpokoa dela saharar herriaren onespenik gabe Mendebaldeko Sahararekin egindako merkataritza-jarduera oro.
- Dei egiten diete Europako, Espainiako eta Euskadiko konpainiei nazioarteko eta Europako zuzenbideari jarraikiz jarduteko, Mendebaldeko Sahararen marokoar okupazioa iraunaraztea eta horko baliabide naturalen ustiaketa faboratu ditzaketen jarduerak utziz (esaterako, hainbat alorretako jarduerak: arrantza, nekazaritza, fosfato- eta hare-erauzketa, edo energia berriztagarria), eta agintari guztiak bultzatzen ditu indarrean dagoen legeria ezartzera, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren arestiko epaiari jarraikiz.
- Bat egiten dute euskal gizartearen elkartasun korrontearekin, zeinak urteak daramatzan exijitzen irtenbide politiko bat, bidezkoa, iraunkorra eta alde bientzat onargarria, autodeterminazio-erreferendum baten bidez Mendebaldeko Saharako gatazkari bukaera emango diona.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
EBB
2022/11/27