Prentsa Aretoa

2017/03/27

Azazetako 16 eraildakoei omenaldia

Arabako Batzar Nagusiek, Arabako Foru Aldundiak, Vitoria-Gasteizko Udalak eta tokiko instituzioek omenaldia egingo diete larunbat honetan apirilak 1, eguerdiko 12etan, ‘Azazetako 16 erailei’, sarraski frankista horren 80. urteurrena dela eta. Urkullu lehendakaria buru izango duen ekitaldi honen asmoa da Arabako Lurralde Historikoan frankismoak eragin zituen biktima guztiak ere oroitzea.

rss Ezagutzera eman
Azazetako 16 eraildakoei omenaldia

ARGAZKIA JAITSI

Krimen anker horiek Azazetako mendateko baso inguru batean gertatu ziren, A-123 errepidearen 16. kilometrotik hurbil, 1937ko martxoaren 31ko goizaldean. Ezin da ekitaldia leku horretan bertan egin, beraz, eta espazio eta segurtasun arrazoiengatik, eta errepideko trafikoari trabarik ez egiteko, Arabako instituzioek Azazetako plazan egingo dute omenaldia. 11:15ean Gasteizko Luis Heintz kaletik autobus zerbitzu doakoa Azazetara joango da eta ekitaldia bukatu eta gero hiriburura itzuliko da. 

Omenaldia irekia izango da arabar guztiontzat, eta oroimenezko hilarri bat estalgabetuko da. Hilarriak A-132 errepidean eraildako pertsonak oroitzeko balioko du, hain zuzen ere gertaerak jazo ziren lekutik hurbilen dagoen puntuan. Hilarria datorren astean jarriko da. Ekitaldia bukatzeko, instituzioek eta herritarrek lore-eskaintza bat egingo dute. 

1937ko apirilak 1

Hamasei arabar hauek politikoki konprometituta zeuden eta garai horretako hainbat korronte ideologiko eta alderditakoak ziren, denak ere matxinada militarraren kontrakoak. Mola generalak agindu zuen hamaseiak hiltzeko, martxoaren 27an Vitoria-Gasteizera egin zuen bisitan. 

Hamaseiak atxilotuta zeuden Vitoria-Gasteizko espetxe probintzialean, Bakea eta Posta kalea elkartzen diren lekuan. Martxoaren 31n askatu egin zituzten, Ordena Publikoko ordezkariaren aginduz. Baina kartzela kanpoan atzera ere atxilotu egin zituen guardia zibil, errekete eta falangista talde batek. Orpoz orpo lotu zituzten eta jarraian beren-beregi prestatutako bi ibilgailutan sartu zituzten. Hiritik irten eta Lizarrarantz abiatu ziren. A-123 errepidearen 16. kilometrotik hurbil geratu ziren. Ibilgailuetatik aldendu ostean, ‘paseatuak’ mendian gora eraman zituzten, eskumako bide-bazterretik 70-80 metrora zegoen leku batera. Bertan erail zituzten, aurretik epaitu gabe, eta aurretiaz bertan egindako hobi batean lurperatu zituzten.

Krimen horien bidez, Arabako herritarrak izututa mantendu nahi izatean gainera, ohartarazpen eta izu mezu bat bidali nahi zen Bizkaira eta matxinatuen kontrako indar politikoei. 

Honako hauek izan ziren eraildakoak:

  • Teodoro González de Zarate, Gasteizko alkatea, Ezker Errepublikanoko afiliatua.
  • Francisco Díaz de Arcaya, tornularia, Gasteizko zinegotzia, PSOEko afiliatua.
  • José Luis Abaitua Pérez, EAJ-PNVko ABBko burukidea.
  • Víctor Alejandre, Gaubeakoa, Alderdi Errepublikano Erradikal Sozialistako militantea.
  • Eduardo Covo González, gasteiztarra, telegrafoetako langilea.
  • Jaime Conca Amorós, gasteiztar oliba biltzailea.
  • José Domingo Elorza San Vicente, gasteiztar margolaria, PSOEko afiliatua.
  • Constantino González Santamaría, gasteiztar bizargilea.
  • Francisco Garrido Sáez de Ugarte, doitzailea, Apinaizkoa, CNTko afiliatua.
  • Prisco Hermua Arrízola, gasteiztar jornalaria, CNTko afiliatua.
  • Antonio García Bengoetxea, gasteiztar mekanikoa.
  • Jesús Estrada Ábalos, mekanikoa eta PCEko afiliatua.
  • Daniel García de Albéniz Azazeta, Maeztuko nekazaria, CNTko nekazaria.
  • Manuel José Collel Aguilá, trenbideetako langile gasteiztarra, Batasun Errepublikanoko afiliatua.
  • Manuel Hernández Ibañez de Garaio, trenbideetako langile gasteiztarra
  • Casimiro Cerrajería Zarranz, gasteiztar piroteknikaria, UGTko afiliatua.

  Berri ikusiagoak...