Prentsa Aretoa
2018/07/28
Arabako EAJ-PNVk Ramiro González eta Gorka Urtaranengan daukan konfiantza berretsi du eta 2019ko udal eta foru hauteskundeetarako hautagai izendatu ditu
Andoni Ortuzarrek, EBBko presidenteak, Arabako ahaldun nagusirako eta Vitoria-Gasteizko alkaterako hautagaiak aurkezteko ekitaldia ixteko hitzak eskaini ditu
Argazkiak...
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Ramiro González eta Gorka Urtaran izango dira, hurrenez hurren, Arabako ahaldun nagusirako eta Vitoria-Gasteizko alkaterako hautagaiak, 2019ko maiatzean egingo diren udal eta foru hauteskundeetan. Hala erabaki du, eta kasu bietan aho batez, EAJ-PNVren Arabako Herrialde Erakundeak gaur goizean Landaburu Etxean egin duen Herrialde Batzarrean. Jarraian, González eta Urtaran hautagai jeltzale gisa izan dira aurkeztuak Florida Parkean egin den ekitaldi politikoan, eta hautagai izendatu berriez gain Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek hitz egin die bertan bildutakoei. Topaketa berean elkartu dira, besteak beste, José Antonio Suso Araba Buru Batzarreko presidentea, Arabako Batzar Nagusietako presidente Pedro Elosegi, Arabako ahaldun nagusiorde Pilar García de Salazar eta Eusko Jaurlaritzako sailburu diren Estefanía Beltrán de Heredia eta Beatriz Artolazabal.
Ortuzarrek baieztatu du Ramiro Gonzálezek eta Gorka Urtaranek Vitoria-Gasteiz, Araba eta Euskadiko hiritargoari horrenbesteko onura ekarri dizkion EAJ eredua gorpuzten dutela. “Elkarrizketan, akordioan eta pertsonak helburu izatean oinarritzen den eredua. Horra hor gure estiloa”, esan du Ortuzarrek, eta horren adibide gisa azaldu du aste honetan bertan erretiratu guztiek, alargunek bereziki, Estatuko Aurrekontu Orokorren inguruan adostutakoari esker atzerapenak eta igoerak jasoko dituztela. “Igoera hori emango da EAJren ahaleginari esker. Politikagintzako kontuak dira horiek: orain neurri hori [pentsioen igoera] abian jarriko duena izango da Aurrekontuak bozkatu ez zituen Gobernua, baina gero bereganatu behar izan zituena. Eta asumitu behar izan zituen EAJ horretan tematu zelako. Eta gu tematu ginelako, dena txarto joan arren eta Espainiako alderdien arteko akordioa eman ez arren, Aurrekontu batzuk daude eta ekonomiak ziurtasuna dauka. EAJ eredua da hori”.
Urtarani buruz hitz egiterakoan Ortuzarrek berak azpimarratu nahi izan duenez, “alkatetzara iritsi bezain pronto elkarbizitza berrezartzen jakin izan zuen eta aurreko alkateak, sentimenduak manipulatuaz, hiritargoa banatzeko zeukan obsesioarekin amaitu zuen. Gaur egungo Gasteiz hirian pertsona guztiek, datozen lekutik datozela, eskubide eta derrigor berberak dituzte”, esan du Ortuzarrek. Era berean goraipatu du EBBko buruak alkate jeltzalearen lantaldeak alderdi ekonomikoan taxutu duen lana “68 milioiko zuloa jaso ondoren”. “Gorkari tokatu zaio Euskadiko udalerrien artean eman den zorrik altuenari aurre egin behar izatea eta, hala ere, hainbat gauza egiteko gai izan da auzoetan, mugikortasun jasangarrian eta etorkizuneko Vitoria-Gasteiz hiria diseinatzeko orduan. 2025 estrategiari erreparatzen badiozue, laster konturatuko zarete estrategia horretan hurrengo hogei urteetarako ibilbide orria jasotzen dela. Cuerda alkatearen denboretatik ez zen gogoratzen hiri honi komeni zaionaren inguruko halako ariketarik ,ezta Gasteizen hiri eredugarria eraikitzeko proposamenik ere; Europan erreferentziazkoa izango den hiria, hain zuzen”, esan du EBBko presidenteak.
Gonzálezez hitz egiterakoan, Ortuzarrek txalotu du Herrialdeko lau eskualdetan presente egoteko daukan gaitasuna “lan egunetan eta jai egunetan; Arabarrekin batera beren jaiak ospatzeko baina baita beraiekin egoteko ere, txingarrak jotzen duenean edo ibairen batek gainezka egiten duenean; inbertsioak iragartzeko eta arazo ekonomikoak dituzten udalei laguntzeko. Onean eta txarrean, Ramiro beti dago Araban eta Arabaren alde egiteko prest”. Halaber, jeltzaleen buruak Arabako ahaldun nagusiaren ezaugarri zehatz bat goraipatu du: Arabaren interesak EAJren jardun politikoaren ardatz bihurtzeko helburu argia izan du beti. “Madrilen antzematen den negoziaketa ororen aurrean, lehen deia, Ramirorena, ‘euskal agendan’ arabar agenda sartzeko. Eta lortu egiten du. Ramiro gauzatzaile ona da, Herrialde honentzako gauzak lortzen trebatuta dago. Ezinezko ziruditen gauzak Herrialde honentzat errealitate bihurtzea lortu du. Horra hor Garoñaren itxiera, hora hor Forondako aireportuaren 24 orduko zerbitzua, hora hor trebiñarren bizitza kalitatea eta ematen zaizkien zerbitzuak hobetzeko akordioak, integratzeaz erabaki ahal izateko aldarrikapenei behin betiko soluzioa noiz emango zain. Batzuekin eta besteekin, Madrilen oso aurrerapen garrantzitsuak lortu ditugu Arabarentzat. Eta lorpen horien atzetik egon da Ramiroren nekaezintasuna. Orain denek nahi dituzte dominak beraientzat, baina domina horien lekua EAJren papar-hegalak dira eta, bereziki, Ramiro Gonzálezenak”, baieztatu du.
Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, ekitaldiko lehen hitzak esan ditu eta Partido Popularra Alkatetzatik irten ondoren elkarbizitza eta aniztasun alorrean eman diren aurrerapausoak azaldu ditu. “Apurketa sozialaz aparte utzi ziguten zulo ekonomiko handia, eta apurka-apurka ari gara egoera bere onera ekartzen”, gogoratu du ,eta bere gobernu taldea hiriko auzoetan egiten ari den apustu garrantzitsua azpimarratu du, zeinen bidez hogeita hamar proiektu garatzen ari diren herritarren adostasunarekin. Mugikortasuna da Urtaranen Gobernu taldea garatzen ari den lanaren beste nortasun ikurretako bat. Mugikortasun aktiboa oinez edo txirringaz eta horiekin batera garraio elektriko eta iraunkorra. Tranbia hegoaldera, Salburua eta Zabalganara hedatzeaz gain, Bus Elektriko Adimenduna garatzen ari dira eta irailean bertan hiritik hasiko dira ibiltzen lehen autobus hibridoak. Horri guztiari lotuta, erakundeen arteko harremanetan argi eta garbi eman den hobekuntza eta hiriak azkenean daukan ibilbide orria, 2025 estrategiari esker. “Hau hasi besterik ez da egin eta onena heltzeko dago oraindik. Orain ari gara etorkizun hurbilean ikusiko ditugun proiektu handien oinarriak ezartzen”, adierazi du Gasteizko alkateak.
Ramiro González ahaldun nagusiak gogora ekarri du Arabak legealdiko hiru urteotan ezagutu duen aldaketa sakona. “Herrialdea geldituta zegoen, ilusiorik gabe, bertan behera utzita. Baina, aldi honetan Herrialdea lideratu dugu eta, denon artean, Araba zegoen zulotik ateratzea lortu dugu, etorkizunari baikortasunez begiratzea eta bizkortasun eta irmotasunez abian jartzea. Arabar izatearen harrotasuna berreskuratu dugu”. Jarraian, Arabako ahaldun nagusirako hautagai jeltzaleak Arabar herrialdean eman den aldaketa azaltzeko datu sendo eta argiak eskaini ditu. “Urtero 4.500 pertsona gehiago Gizarte Segurantzan sartzea lortu dugu, Foronda bidaiaririk ez izatetik ia 70.000 bidaiari izatera igaro da, puntako enpresa berriak dauzkagu, gure herriek abiadura handiko Internet zerbitzua daukate eta bizitoki gune berria eraikitzen hasteko atzerako kontua hasi da”, zerrendatu ditu. Azalpen horren ondoren, Ramiro Gonzalezek argi eta garbi utzi nahi izan duenez “asko aurreratu den arren eta Arabak aurrera egiten jarraitzen duen arren, aktibo eta ilusioz beteta dagoen arren, hainbat gauza egin behar dira formula berbera aplikatuaz, hau da, elkarrizketa bidez, denon arteko akordioak hartuaz eta bidea eginez”, eta gaineratu duenez “ orain arte lortutakoa finkatzeari ekingo diogu eta aurrera egiten jarraituko dugu, eta hori Euzko Alderdi Jeltzaleak baino ezin dezake egin”.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
EBB
2022/11/27