Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2019/05/16

Ramiro Gonzalezek proposatu du Naturaren Zentro-Museoa Arabako Lurralde Historikoko Agiritegiaren eraikinean kokatu dadila

EAJ-PNVk apustu egin du erakusketa-aretoetarako 2.000 metro koadro baino gehiago eta laborategiak, tailerrak eta abar kokatzeko 2.500 gehiago eskainiko dituen espazio baten alde. Bertan, ikerkuntza, dibulgazio eta komunikaziorako eredu berriak garatzeko aukera egongo da

rss Ezagutzera eman
Ramiro Gonzalezek proposatu du Naturaren Zentro-Museoa Arabako Lurralde Historikoko Agiritegiaren eraikinean kokatu dadila

ARGAZKIA JAITSI

Gaur goizean, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusi eta berrutaketarako EAJ-PNVren hautagaiak aurkeztu du Arabako Natura Zientzietako Museoa antzaldatzeko duen proposamena.  Izan ere, horren kokapena gaur egun Arabako Lurralde Historikoko Agiritegiak betetzen duen eraikinera aldatzea proposatu du; modu horretan, Museoaren natura-ondasun bikainaren kontserbazioa bermatzeaz gain, euskal ekosistema naturalari buruzko ezagutza zientifikoan aurrera egin ahal izango da ikerkuntza-, dibulgazio- eta komunikazio-eredu berrien bitartez.

“Arabako Natura Zientzietako  gure Museoak berebiziko bilduma bat hartzen du barne, Estatu-mailan erreferente  eta Euskadin paregabeko bilakatu duten balio aparta ugari dituena. Beste ezein museok ez dituen fondoak ditu. Bilduma hori, orobat, ikerkuntza zientifikoaren arlo askotan erreferente da”, azaldu du Ramiro Gonzalezek, “hori dela-eta, soil-soilik ikuspegi patrimonialistari helduta egon barik, kultura zientifiko berri batean oinarrituta, ezagutza objektiboaren iraunkortasunaren eta hedapenaren aldeko eragile aktibo izatea jomuga duen Zentro-Museo baten bila gabiltza”

Eusko Alderdi Jeltzalea jakitun da gaur egun Museoak duen kokapenak, Otxanda Andrearen Dorrean, nabarmen mugatzen dituela zientzia-arloan herritarren interesa pizteko aukerak. Bere maila gorenera heldu da, emaitzak erakusteko orduan ez ezik, metodo zientifikoari buruzko xehetasunak emateko orduan ere. Horrexegatik jarri nahi dugu gizarte arabarraren zerbitzura Lurraldearen premia kulturalei, zientifikoei eta ondarezkoei erantzuna emateko moduko Naturaren Zentro-Museoa.

Gonzalezek azaldu du ezen “ azken lau urteotan lanean aritu garela egoera horri konponbide bat emateko, hainbat museo bisitatu ditugu, zenbait sistema berri ezagutu ditugu, XXI. mendeko museografiari buruz hausnartu dugu eta gakoa aurkitu dugu. Azpiegitura berri bat, zeinaren egoitza nagusia orain arte Arabako Lurralde Historikoko Agiritegia barnean hartu duen eraikinean kokatzeko proposamena egin baitugu”.

Arestian Artxibo Historiko Probintziala Arabako Foru Aldundiaren eskuetara transferitu izanak aukera ematen du Foru Agiritegiaren Zerbitzuari dagokion guztia eraikin horretan biltzeko. Horrela, atzean daukadan eraikina libre geratzea lortuko da, eraikin zoragarri bat, Naturaren Zentro-Museoa barruan hartzeko egokiena litzatekeena. Hori bai, Otxanda Andrearen Dorrea espazio osagarri gisa erabiliko litzateke, gaikako erakusketetarako bideratuta. Horrek guztiak aukera emango du 2.000 metro koadro baino gehiago erakusketa-aretoak kokatzeko erabiltzeko eta 2.500 metro koadro gehiago bulegoak, laborategiak, tailerrak, kontserbazio-aretoak, artxibategiak eta bestelako espazioak hartzeko.

“Horri guztiari esker, Naturaren eta Lurraldearen Zentro-Museoa XXI. mendean nazioarteko erreferente izango da ondare publikoaren kudeaketa iraunkorraren arloan, zeina lurraldeko geoaniztasuna bera ezagutzearen ondorioa baita. Horrez gain, kultura-, zientzia-, hezkuntza- turismo-, aisia- eta, ondorioz, ekonomia-arloetako fluxu-iturria ere izango da Zentro-Museoa”, amaitu du Gonzalezek.

Next Euskadi