Prentsa Aretoa
2020/10/29
Abian jarriko da Klima Araba 2050en parte hartzeko prozesua, non gazteak protagonista izango baitira
Arabako klima aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko estrategia idazteko, parte hartze prozesu berritzaile bat eta adituen Think Tank independente baten ebaluazioa egongo dira Hauexek dira klima aldaketaren arriskuetako batzuk Araban: tenperatura igotzea, batez ere Arabako Errioxan, uholdeak izateko arriskua handitzea (batez ere Aiaraldean), eta lehorteak eta muturreko bero boladak areagotzea
Klima Araba 2050 egiteko prozesuak aurrera jarraitzen du, parte hartze prozesua abian jarriko baita laster. Estrategia horren bidez, klima aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko lurraldean burutu beharreko ekintzak ezarriko dira. Plan hori, Arabako Foru Aldundiarentzat ez ezik, gainerako erakunde eta eragile sozial eta ekonomikoentzat ere izango da erreferentea, 2050erako.
Parte hartze prozesuan, administrazioek eta hainbat sektoretako eragileek eta eragin taldek hartuko dute parte, hala nola garraioa eta mugikortasuna, osasuna, natura ingurunea, hirigintza, hezkuntza, uraren kudeaketa edo industria.
Gazte Focus Team
Gainera, Klima Araba 2050 idazteko, eginkizun bereziki garrantzitsua izango dute Arabako gazteek, 'Gazte Focus Team' izenekoa osatuko baitute. "Gazteekin zuzeneko komunikazioa ezarri nahi dugu, estrategian inplikatu nahi ditugu eta Arabako gizartearentzat garrantzitsuak diren alderdiak sentiarazi nahi dizkiegu", azaldu du Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak, eta azpimarratu duenez gazteak "bereziki kontzientziatuta daude klima aldaketaren aurka. Mezuen igorle garrantzitsuak dira, haien espiritu kritikoari esker, sare sozialetan eta gizarte eta kultura bizitzan daukaten zeregin aktiboari esker". “Haien parte hartzea garrantzitsua da, etorkizuna gazteek kudeatu beharko dute-eta", gaineratu du.
Halaber, 'Think tank' izenekoa sartzea klimaren aldeko ekintza estrategiaren beste berritasun bat izango da; aditu talde bat da, plana kontrastatu eta ebaluatuko duena hura garatu bitartean eta amaitu ondoren. "Aditu talde horren ekarpenari esker, klima politiken eta aurkikuntza zientifikoen arteko koherentzia bermatu ahal izango dugu", erantsi du Galerak.
Era berean, Arabako Foru Aldundiak inkesta bat zabalduko du herritar guztien artean, jakiteko ea arabarrek klima aldaketaren inguruan zer dakiten eta zer nolako kezka duten. Survey Monkey online plataformaren bidez, inkesta hori ikastetxeetan, prestakuntza zentroetan, lantokietan, unibertsitatean eta adinekoen zentroetan zabalduko da. "Arabarrek zer pertzepzio duten jakitea funtsezkoa da sentsibilizazio ekintzak egiteko", gogorarazi du Arabako Ingurumen Saileko arduradunak.
"Zalantzarik gabe arrazoiak dauzkagu klima aldaketaren aurka ekiten hasteko, aurreikuspen ezkorrenei buelta ematen ahalegintzeko, egoeraren larria arintzeko eta egoerara egokitzeko", adierazi du Josean Galerak. Izan ere, eskura dugun informazioak honako hauek adierazten ditu: muturreko tenperaturak (batez ere Arabako Errioxan), uholdeak izateko arriskua (Aiaraldean bereziki), lehorte aldi gehiago Arabako Mendialdean eta Arabako Lautadan, eta bero bolada gehiago Gasteizen.
4 gradu gehiago eta bero boladen 18 egun
Zehazki, aurreikuspenen arabera, 2071-2100 aldian, Arabako batez besteko tenperatura ia 4 gradu igoko da, eta urtean bero boladen 18 egun egon eta euririk gabeko egunak bikoiztu daitezke. Horrek guztiak laboreak mugiaraztea, industria produktibitatea murriztea, pertsonen osasunean eragitea eta biodibertsitatea kaltetzea eragin lezake, besteak beste, bai eta ur hornidura moztea edo hiriko bero uhartearen efektua handitzea ere, batez ere Gasteizen eta Aiaraldean.
"Aurreikuspen horiek bultzagarri, bizkorgarri eta pizgarri izan behar dute. Datu kezkagarriak dira, eta lagungarri dira ulertzeko ezen klima aldaketaz ari garenean, gutaz, gure bizitzez, gure lurraldeaz, gure orainaldiaz eta gure etorkizunaz ari garela ", esan du Galera diputatuak.
Horiek horrela, hona hemen Klima Araba 2050eko lan ildoak: autohornikuntza sustatzea kanpoko iturriekiko mendekotasuna murrizteko, energia garbiak eta berriztagarriak bultzatzea, eta konektibitate eta mugikortasun eredu berri bat sortzea ibilgailu pribatuaren alternatibei lehentasuna emateko. Halaber, oso garrantzitsuak izango dira azpiegitura berdeak, ekosistemen funtzio aniztasuna eta biodibertsitatearen kontserbazioa. "Ez da ahaztu behar Araba zein aberatsa den biodibertsitatean eta basoetan, zeinak CO2aren hustubide garrantzitsuak, uretan edo lurzoruan dauden kutsatzaileen iragazkiak eta uholdeak kontrolatzeko tresnak baitira. Gure biodibertsitatea eta haren kontserbazio aktiboa ere funtsezkoak dira klima aldaketara egokitzeko", azpimarratu du foru diputatuak.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/12/19
EBB
2022/11/27