Prentsa Aretoa

2020/11/25

EAJ-PNVren konpromiso hirukoitza adierazi du Ortuzarrek: aberrigintza, pertsonen osasuna eta indarkeria matxistaren kontrako borroka

Euzkadi Buru Batzarrak Sukarrietan egin du Sabino Aranari urtero egin ohi zaion omenaldia, bere heriotzaren 117. urteurrena gogoratuz

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Covid-19aren pandemiak eragotzi du, oraingo honetan, urtero Sukarrietan egin ohi den ekitaldi publikoa egitea eta orain artekoetan bezala, ehunka alderdikide bertan izatea; baina EAJ-PNVk ez dio utzi bere fundatzaile eta maisu Sabino Aranari urteroko omenaldia egiteari, haren heriotzaren 117. urteurrena betetzen den honetan. Euzkadi Buru Batzarreko burukide jaun-andreak, talde jeltzaleko barne kargudunen eta Euzko Gaztedi-EGI erakundearen ordezkaritza murritz batekin, Sukarrietako hilerrira hurbildu dira, non Aranaren gorpuzkiak dautzan. Bertan, Ohorezko aurreskua dantzatu da EAJ-PNVren fundatzailearen omenez eta Eusko Abendaren Ereserkia, Euskadiko himno nazionala, abestu dute bertaratuek.

Omenaldi xume eta aldi berean hunkigarria amaitutakoan, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko buruak, mezu bat helarazi nahi izan die alderdikide jeltzaleei eta euskal hiritargo osoari, Aranaren heriotzaren urteurrena, Covid-19aren pandemia eta Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna bateratzen dituen egunean. Eta, EAJ-PNVren konpromiso hirukoitza adieraziaz egin du. “Lehenengo konpromisoa, jakina, Euskal Aberriarekin, Euskadirekin, gure aberri bakarrarekin eta aberrigintzarekin. Euskal emakume eta gizonok gure etorkizuna askatasunez erabaki dezagun. Bigarren konpromisoa, pertsonarik gabe aberririk eta naziorik ez dagoelako, euskal gizartearekin, gauden egoeran horrenbeste sufritzen ari dena, osasun krisiari aurre egin behar diolako krisi ekonomiko mingarriari lotuta. Horren aurrean, erakunde politikoek, erakundeek eta, jakina, EAJ-PNVk, erantzukizunetik erantzun behar dugu egoera honetatik ahalik eta arinen irten gaitezen. Eta, hirugarren konpromiso bat, oso zehatza, baina oso garrantzitsua, gaurko eguna aintzat hartu behar dugulako. Hirugarren konpromisoa da indarkeria matxistaren kontra, emakumeen kontra baliatzen den indarkeriaren aurka. Atzo, zoritxarrez, euskal herrian beste eraso matxista bat sufritu genuen. Denon artean, eta “denon artean” esatean esan nahi dut lehenengo eta behin “gizonezkoen artean“, albait arinen orban hori desagerrarazi behar dugu, eta hor, hor ere bai, eragile sozialen ondoan, EAJ-PNV egongo da”, baieztatu du jeltzaleen buruak.

  Berri ikusiagoak...