Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2021/02/24

Arabak eguzki-energia sortzeko herritarren kooperatibak ezartzea bultzatuko du Kuadrilla guztietan

Arabako Foru Aldundiak, Energiaren Euskal Erakundearekin eta Krean ingeniaritza sustatzailearekin batera, eguzki-energia sortzeko herritarren kooperatibak (ekiolak) ezartzea bultzatuko du Arabako kuadrilla guztietan. Energia berriztagarria sortzeko kooperatibak dira, eta herritarrek eurek hartuko dute parte beren hornidurarako egingo diren eguzki-energia fotovoltaikoa sortzeko eta kudeatzeko erabakietan

rss Ezagutzera eman
Arabak eguzki-energia sortzeko herritarren kooperatibak ezartzea bultzatuko du Kuadrilla guztietan

ARGAZKIA JAITSI

"Autohornikuntza bultzatu nahi dugu, kanpoko iturriekiko mendekotasuna murriztu eta energia berriztagarri iraunkorrak sustatu. Erakundeek eta herritarrek klimaren alde egingo duten apustu handia da. Izan ere, kooperatibako bazkide bakoitzak bere energia-kontsumoarekin arduratsua izateko urratsa ematearen garrantzia azpimarratu nahi dut, bakoitzaren beharrizan energetikoa modu iraunkorrean asebetetzearen alde egin dezan", azpimarratu du Josean Galera Ingurumeneko foru diputatuak proiektuaren aurkezpenean.

Ekiola ekimen bereziki esanguratsua da, herritarren parte-hartzeari bide zuzena ematea baitakar, eta, ildo horretan, Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak nabarmendu du "energia gobernantza berriko proiektua" dela, "Europako politika energetikoekin eta 2030erako Euskadiko Energia Estrategiarekin bat datorrena, eta energia berriztagarriak eta autokontsumo energetikoa aprobetxatzeko sistemen bidez autohornikuntza energetikoa bultzatzeko beharra adierazten duena". Era berean, Arabako Foru Aldundiaren inplikazioa goraipatu du, kooperatibak eratzea bultzatuko baitu. Kooperatiba-ereduari dagokionez, Krean ingeniaritzako zuzendari nagusi Jon Berbelek gogorarazi du Euskadiko idiosinkrasiari erantzuten dion formula dela kooperatiba, eta dimentsio handiagoko proiektuak eratzea ahalbidetuko duena, pertsonakopuru handiak barne hartuko baititu Ekiolak".

Beraz, ekimen honetan nabarmentzekoa da herritarren parte-hartzearen zeregina; izan ere, “ekiolen” funtzionamendua auzotarren ahalduntzean oinarritzen da, kontsumorako energia berriztagarriak sortu eta kudeatzean, kontsumitzaile aktiboaren eta energia-komunitatearen figuren bidez.

Hori dela eta, "Energia demokratikoaren kontzeptu berri baten aldeko apustua egiten dugu, eredu energetiko sozial eta herritarra sustatzen dugu, klimaren alde konprometitua, eta herritarrak etorkizunaren partaide egiten ditugu, etorkizun berdeago eta iraunkorrago baten partaide", berretsi du Galerak, eta "aldaketa klimatikoaren aurrean amore ez ematearen eta beroketa globalaren aurreikuspenak iraultzeko zeregin aktiboa hartzearen alde" egin du.

Iturria: http://arabapress.eus/ficheros/NP_ekiola_araba_EUS.pdf

Next Euskadi